Iurre BIDEGAIN

Mobilizazioek hasiera eman diote Seaskaren ikasturteari

Postuen murrizketaren kontra agertu dira Seaskako irakasle, ikasle eta burasoak irailaren 3an abiatu den ikasturte berriaren lehen egunean. Ikastola, kolegio eta lizeoan elkarretaratzeak burutu dituzte goizean goizetik. Asteartean bilera bat antolatuta dago Euskararen Erakunde Publikoa, Errektoretza eta Seaskaren artean.

Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aitzinean burututako elkarretaratzea. ©Kaskarotenea
Ziburuko Kaskarotenea ikastolaren aitzinean burututako elkarretaratzea. ©Kaskarotenea

Ikasturte "nahasiari" hasiera eman dio Seaskak. Hezkuntza Ministeritzak elkarteak behar dituen 25 postuak errefusatu eta mobilizazioak antolatzea erabaki dute buraso, ikasle zein irakasleek ikasturte berriaren lehen egunean.

Abuztuaren 31n Pauen burututako protesta eta mobilizazioei segida ematea erabaki dute astelehen honetan. Goizean goizetik, Seaskako ikastola, kolegio eta lizeoan elkarretaratzeak burutu dituzte beren kexa adierazteko. "Kasu ikastolak kexu!" mezua islatzen zuten pankartak ikusi ahal izan dira zentroetako sartze nagusietan.



Afera ez da bukatua, ordea. Irailaren 4an Errektoretzak, Euskararen Erakunde Publikoak eta Seaskak elkar ikusiko dute arratsaldean iraganen den bilkura batean. Hitzorduari begira, "itxaropen guti" dituela aitortu du Seaskako zuzendari den Hur Gorostiagak.

Hiru erakundeen arteko hitzarmenaz eztabaidatuko dutenez, galdegitean, honakoa dio Gorostiagak: "Pentsatzen dugu Errektoreak hitzarmenaren gaia landu nahiko duela, baina arazoa da jada iaz hitzarmena genuela eta ez dutela bete. Ikusiko dugu zein den beren asmoa. Gure eskaera da aurtengoa nola konpontzen dugun, gure gain hartutako irakasle postuak zor dizkigutelako".