Iurre BIDEGAIN

Amaiur Alfaro lehiatzen segitzeko prest, la Solitaire du Figaro abandonatu eta

La Solitaire du Figaro lasterketa abiatu eta bi egunetara, arazo teknikoak direla eta, parte hartzea bertan behera utzi behar izan zuen Amaiur Alfarok abuztuaren 28an. Indarrak berreskuratu ondotik, lehiaketara itzuliko da irailaren 2an.

Amaiur Alfarok irailaren 2an eutsiko dio berriz lasterketaren desafioari.
Amaiur Alfarok irailaren 2an eutsiko dio berriz lasterketaren desafioari.

Lasterketa abiatu eta gutxira arazo teknikoak izan zituen Amaiur Alfaro marinelak. Hasieratik "spi" deituriko belarekin arazoak izan zituen. "Spi" txikia jartzea erabaki ondotik, azken hori uretara erori eta itsasontzia uzkaldu zitzaion. Hori gutxi balitz, norabidea zorrotzagoa izatea eta azkarrago joatea ahalbidetzen duten bazterreko ur ontziekin ere arazoak ukan zituen. Horiek urez betetzeko ontziak hautsi zitzaizkion, hain zuzen. Hala ere, aitzina segi eta nabigazio ona egiten saiatu zen Alfaro. Pilotu automatikoa hautsi arte. Hori dela eta, hamabost orduz nabigazioaz arduratu zen marinela, horrek dakarren nekearekin.

"Azkenean lema soka batekin eustea lortu nuen astearte goizean. Horri esker pausatu nintzen eta denbora hartu nuen pentsatzeko. Arratsaldean, bateria kargatzera joan nintzelarik, aldizkagailuak huts egin zidan", azaldu du. Bata bestearen gibeletik agertutako arazoek eragin dioten akiduragatik pausatzeko denbora hartzea erabaki zuen.

Egun hauek energia berreskuratzeaz gain, itsasontzia konpontzeko baliatuko ditu kirolari lapurtarrak. Irailaren 2an lasterketara itzuliko da, berak dioenez, "oso motibatua". "Orain, sailkapen orokorrari ez diot kasurik egiten. Abandonatu dudanez, azken parte hartzailearen denboraz gain, hiru ordu gehiago gehituko dizkidate. Nire helburua da dena eman dudanaren sentsazioa izatea", aitortu du.

Amaiur Alfarok bi erakunderen laguntzarekin parte hartzen du la Solitaire du Figaro lasterketan: EVI nautika bela eskola eta Euskal Ocean Lab elkartea. Hain zuzen, azken elkarte honekin batera Vendée Globe lasterketa egin nahi du energia berriztagarrien laguntzaz.

"Paradoxa dirudi. Gure proiektua %100 energia berriztagarriekin egin nahi dugu eta justuki orain arazoak izan ditugu energiarekin. Horrek erakusten du zein garrantzitsua den gure xedea eta lan handia egiteke dagoela", gehitu du. Hiru etapa gelditzen zaizkio Amaiur Alfarrori eta bidean atzemandako oztopoei "gogoz" aurre eginen diela nabarmendu du.