Kazeta

Nicolas Hulot ministroaren dimisioak hautsak harrotu ditu

Trantsizio Ekologikorako eta Solidariorako ministro frantsesak bere kargua utzi zuen abuztuaren 28an, France Inter irratian zuzenean elkarrizketatua izaten ari zen bitartean. Erabaki honekin, gobernu frantsesean larrialdi klimatikoaz kontzientzia erreal bat eragitea espero duela adierazi zuen.

Nicolas Hulotek bere kargu uztearen berri eman zuen  France Inter irratian. © Wikipedia
Nicolas Hulotek bere kargu uztearen berri eman zuen France Inter irratian. © Wikipedia

“Gobernua uzteko erabakia hartu dut, ez dut gezurrik gehiago erran nahi” adierazi zuen Nicolas Hulot jada Trantsizio Ekologikorako eta Solidariorako ministro ohia denak. Gainera, harturiko erabakia soilik berea dela eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteari eta Edouard Philippe lehen ministroari galdetu gabe hartu duela erantsi zuen.

Hain zuzen, albisteak Macron Danimarkan harrapatu zuen eta bere lehen hitzetan Hulot pertsona librea dela, bere erabakia errespetatzen duela eta aurrerantzean ere berarekin kontatzen duela erratera mugatu zen.

Nicolas Huloten dimisioak hautsak harrotu ditu Estatu frantsesean eta Euskal Herrian ere iritzi andana eragin du. Albisteak ez du Vincent Bru LREM-eko diputatua ezustean harrapatu: “Berak behin baino gehiagotan iragarri izan du gobernua uzteko aukera. Ministro kargua arras konplikatua da. Erabat politikaria ez den gizon batek bere ekintzaren zentzuaz bere buruari galderak egitea ulergarria da. Uste dut nahi zuena egiteko ez zuela tresnarik, ohartu baitzen mota askotako murrizketak badirela, bere bidean sartzea kostatzen zitzaion eta beti zalantzati zebilen”. 

Loïc Corrégé, Pirinio Atlantikoetako LREM-eko beste erreferenteetako batek, Huloten dimisioa jakin orduko, hark egindako ekarpena txalotu du. Bere hitzetan, hari esker gobernu frantsesak bosgarren errepublikaren bilan ekologiko onena izan omen du. Hidrokarburoen ustiapenaren amaiera edo lau urtetan Fessenheim zentralaren itxiera aipatu ditu. “Halere, bere irteera gizarte zibileko pertsonalitateak integratzeagatik ordaindu beharreko prezio bat da neurri batean” gaineratu du.

Aldiz, departamenduko EELV-ko idazkari Sophie Bussièrek beste era batera ikusten du afera. Bere ustez, Nicolas Hulotek ahal izan zuena egin zuen ekologia lehentasuntzat ez duen gobernu batean. “Emmanuel Macronen diskurtso ederren eta ekintzen arteko aldea handia da”. Hurrengo hauteskunde europarretarako alderdi ekologistaren hautagai zerrendan ageri den Bussièrek nabarmendu nahi izan du “ekologiarik ez dela izanen ekologistarik gabe”.

Arlo sozialean lanean dabiltzan eragileen artean, Bizi mugimenduko Txetx Etcheverry aktibistarentzat, dimisio hau “ekintza politiko garrantzitsua da”. Etcheverryk adierazi du berak ez duela inoiz zalantzan jarri Huloten borondate eta erabakitasuna, baina ahal zuena egin zuela blokaturik den gobernu batean. “Igandez hiru orrialdeko elkarrizketa batean, Edouard Philippe hurrengo urteko asmoez mintzatu zen eta ez zuen fitsik erran klimari eta ekologiari buruz”.

Astearte arratsaldean abaldutako ohar batean, globalizazioaren kontrako mugimenduak Nicolas Hulotek egindako deiari erantzun zion: “Alternatiba 2018 Baiona, nazioarteko mobilizazioaren puntu gorena izanen da eta inflexio puntua ezarriko du mugimendu klimatikoaren mobilizazioan. Hau da kontzientzia hartzeko, ekintzara iragateko eta gaur sortzen diren haurren infernua ekiditeko gure erabakitasuna baieztatzeko unea” erantsi du.