Urtzi Errazkin
Etxerat elkarteko bozeramailea

Etxerateko bozeramailea da Urtzi Errazkin. Euskal presoen gaia hurbiletik segitzen du eta ondo daki zeintzuk diren dispertsio politikaren eraginak. Bere anaia, Ugaitz Errazkin, Algecirasko presondegira urrundu zuten ekainean. Azken asteetako gertakariei buruz hitz egiteaz gain, Gobernu espainiar zein frantziarraren jarrerari buruz bere iritzia plazaratu du hernaniarrak.

“Urruntzeko erabiltzen duten azkartasuna presoak hurbiltzeko erabili dezatela”
Iurre BIDEGAIN|2018/08/06 09:07|0 iruzkin
Errazkin_

Erabiltzen gaituzte eta gure sentimenduak jokoan jartzen dira

Askatu beharreko korapiloak badaude oraindik

Espero dugu frantziar Gobernuak hasi dituen pausoekin jarraitzea eta lehenbailehen presorik gabeko agertoki horretara heltzea

Euskal presoei loturiko bi gertakari larri iragan dira azken asteetan. Mikel Albisu euskal presoak heriotza mehatxuak jaso zituen Reauko presondegian. Horrez gain, presoen senide eta lagunak bisitetara eramaten zituen autobusa erasotu zuten Algecirasen. Zein da Etxeratek bi gertakariei buruz egin duen balorazioa?

Urtzi Errazkin: Horri ere gehitu beharko genioke Kepa Arronategi bisitatzera zihoazen senide batzuei Murtzia inguruan gurpil bat lehertu zitzaiela. Zorionez, kotxearen kontrola ez zuten galdu eta ez zen haratago joan. Beste behin ere ikusten ari gara, bai espetxe barruan zein kanpoan erasoak jasaten jarraitzen ditugula.

Guk egiten dugun balorazioa argia da: hurbilketen gaia mahai gainean jarri behar da. Ezin dugu minutu bat gehiago itxoin. Bizitzetaz ari gara, senide eta lagunon bizitzez, baita euskal herritarron bizitzez eta eskubideez ere. Inongo dudarik gabe lehenbailehen amaitu behar da salbuespenezko politika honekin eta eskubideak urratzen dituen politikarekin.

Zertan dago bi gertakariei buruzko ikerketa?

Mehatxuaren inguruan ez dakigu zehatz-mehatz nola doan. Autobusaren inguruan beste aldietan gertatzen den bezala horrek ere artxibatzeko arrisku guztiak ditu. Ez da lehen aldia horrelako zerbait gertatzen zaigula autobus, furgoneta edo kotxeetan, baina beti artxibatuak izan ohi dira.

Azpimarratzekoa da jasotzen dugun inpunitatea. Guzti hau gertatu eta gero ez da inoiz ezer gertatzen. Ez zaio beharrezkoa den larritasuna ematen, ez judizialki, ezta politikoki eta mediatikoki ere. Ikusten da isildutako gauzak direla eta ezin dugu horrela jarraitu.

Etxeraten aburuz, zergatik gertatu dira orain bi eraso hauek?

Arrazoiak aurkitzea oso zaila da. Harriak jauzi zituztenen buruan jartzea oso gogorra egiten zaigu. Egia da azken hilabeteetan Gobernu eta komunikabideek hurbilketaren gaia jorratzen dutela eta senide eta lagunak jomugan jartzen gaituztela.

Erabiltzen gaituzte eta gure sentimenduak jokoan jartzen dituzte. Aipatzen dute dispertsioarekin amaituko dutela, hurbilketak emanen direla, baina hitzetan gelditu eta ekintzarik ez da gertatzen. Pentsa senide eta lagunengan, errepidean jarri behar garenongan, sortzen duen antsietatea.

Nahikoa da. Hasi daitezela pausuak ematen eta benetan lege guztiak bete ditzatela, eskubide guztiak bermatu ditzatela. Horretarako preso larriek etxean egon beharko lukete eta euskal preso politiko guztiek ahalik eta beraien bizilekuetatik gertuen dauden espetxeetan egon beharko lukete.

Pedro Sanchezek presondegi politika aldatzeko hainbat adierazpen egin ditu berriki. Halaber, Grande Marlasca Barne ministro espainiarrak hurbilketei dagokienez kasuz-kasu ikertuko dituztela aipatu du. Berririk daukazue?

Ez, zoritxarrez gurekin ez da inor harremanetan jarri. Guk dauzkagun berriak prentsaren bitartez jasotzen ditugu. Hainbat gauza entzuten dira. Duela hilabete inguru, Estatu espainiarreko lehendakariordeak erran zuen dispertsioa jada bukatua zegoela, baina hilabete pasa eta gero oraindik errepidean jarri behar gara. Errespetu pixka bat eskatzen dugu eta asmo hori baldin badute, hasi daitezela. Urruntzeko erabiltzen duten azkartasun hori preso guztiak hurbiltzeko erabili dezatela, eta ez guti batzuk.

Euskal presoei loturiko gaiak lantzeko, ordezkaritza bat osatu dute Ipar Euskal Herrian. Zer egin beharko litzateke Hego Euskal Herrian bide bera eraikitzeko?

Hego Euskal Herrian ikusten dugu badagoela adostasun zabal eta handi bat sindikatu, gizarte eta eragile politikoen artean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Parlamentuak hainbat adostasun hartu dituzte hurbilketa eta preso gaixoen inguruan. Hemen behar dena instituzioek eskatzen dutena errespetatzea da.

Euskal Herritik indarra ematen segitu behar da. Guk konfiantza osoa dugu euskal gizartearengan, badakigulako hor egongo dela.

Orain arte 19 euskal preso hurbildu dituzte Lannemezan eta Mont-de-Marsango presondegietara. Zein da lekualdaketez Etxeratek duen iritzia?

Balorazioa baikorra da. Urtarriletik hona gaia desblokeatu da eta gutxienez hitzetatik ekintzetara pasa da frantziar Gobernua. Preso erdiak hurbileneko espetxeetara lekualdatu ditu jada, baina azpimarratu behar da oraindik beste hainbat pausu gelditzen direla egiteke.

Larriki eri den preso bat dago, bizi osoko kondenak daude… Guzti horri aterabide bat eman behar zaio. Espero dugu frantziar Gobernua hasi dituen pausoekin jarraitzea eta lehenbailehen presorik gabeko agertoki horretara heltzea.

Hamabi emazte dira preso frantziar Estatuko presondegietan. Orain arte, beren lekualdatzea ezin izan da burutu. Gai hori lantzeko harremanak dituzue Ipar Euskal Herriko ordezkaritzarekin?

Harremanak noski ditugula. Iparraldeko ordezkaritzaren gauza onenetariko bat da ez direla bakarrik hautetsiak presente, baizik eta gizartea ere bertan dagoela islatua. Emakumeen kasuan blokeoa dago, horregatik diot askatu beharreko korapiloak daudela oraindik. Espero dezagun hurbilketekin hasi den bezala, beste gaiak ere lantzea.

Ikasturte berria hastear dago. Zeintzuk dira Etxeratek finkatu dituen helburuak?

Lehenik eta behin eskubide guztiak bermatuak izan daitezen nahi dugu. Legeak aplikatu ditzatela eta urgentziazko gaiak diren hauei lehenbailehen, minutu bat pasa gabe, buelta ematea. Iraila baino legenago pausu batzuk eman beharko lituzkete eta hortik aurrera jarraitzea. Ezin dugu ahaztu bake justu eta iraunkor bat bilatzen dugula eta horretarako argi dago Estatuek pausuak eman behar dituztela. Espero dezagun hurrengo ikasturtean bake justu eta iraunkor hori bermatzeko beharrezkoak diren pausuak ematea.