Bizikleta bideak Bidarte Europarekin lotzen du

Bidarteko lanak amaituta, Lapurdiko kosta zeharkatzen duen bidegorria amaitzear da. Bizikletaren erabilera bultzatzeko egitasmoak indartzen ari dira, izan ere, erakunde publikoek “garraiobide lasaien” bitartez turismoa sustatzeko aukera ikusten dute.

Haritz LARRAÑAGA|2018/08/06 10:39
Bici
Uztailaren 12an estreinatu zuten Bidarte zeharkatzen duen bizikletentzako bidegorri berria.

Europan bizikleta gehien erabiltzen dutenak Belgika, Suitza, Alemania eta Eskandinaviako herrialdeetako biztanleak dira. Gainontzeko herrialdeetan bizikletaren erabilera aski apala da eta Lapurdiko kostaldea ez da salbuespen bat. Aldiz, azken urteetan bizikletaren erabilera sustatzeko proiektu eta elkarte ugari sortu dira. Guztiek antzeko argudioak erabiltzen dituzte bizikletaren erabilerak dituen onurak nabarmentzeko, baina ez dira denak norabide berean pedalei eragiten ari.

Erakunde publikoetako ordezkariek turismoa garatzeko Europak eskaintzen dituen diru laguntzez baliatzeko aukera ikusten dute. Modu horretan, bidegorriak eraikitzeko lanak finantzatu eta, aldi berean, bisitarien zein herritarren beharrei erantzuteko aukera dute. Bizikletaren erabilera aisialdira mugatu beharrean garraiobide gisa proposatzen duten Txirrind’Ola bezalako elkarteek, aldiz, arlo honetan ematen diren urratsak txalotzen dituzten arren, "neurri ausartagoak" hartu beharko liratekeela iritzi diote. Esate baterako, "abiadura 30 kilometro ordura murriztea ez da neurri garestia, eta, egin den hirietan, bizikleta erabiltzaileen kopurua aunitz igo da", adierazi zion GARAri Txirrin’Ola elkarteko kide Pascal Ballatorek iaz egindako elkarrizketan.

Bidarte, bide artean

Pasa den uztailaren 12an estreinatu zuten Bidarte zeharkatzen duen bizikletentzako bidegorri berria. Ederbidea eta Euro Velo izeneko Europa mailako bi proiekturen baitan kokatzen da Bidarteko bidegorria. Ez da proiektu bakartu bat, ordea; inguruko herriekin izango duen loturaz harago, datorren urtean Uhabia errekaren ondoan estreinatuko duten 6 kilometroko beste bide batekin bateragarria izango dela gogoratu zuen Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezak.
Lehenik, Biarritz eta Bidarteko erdigunea lotzen dituen zatia egin zuten, 2017ko apiril eta ekain bitartean. Falta zen zatia, ostera, Bidarte eta Getaria artekoa, uda hasieran amaitu zuten. Bizikletentzat zein bestelako garraiobide lasaientzat eraikitako bidearen zati handiena (3,3 km) bidegorriek edo autorik gabeko bideek osatzen dute, eta beste 2,3 kilometroak eremu seguru edo lasaietatik igarotzen dira.

Guztira 1,08 milioiko kostua izan du garraiobide lasaientzako bideak. Lanen kostuaren %65 Europako laguntzekin ordaindu da. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak diruaren %20 jarri du, Akitania Berriko Eskualdeak %7,5 eta Bidarteko herriko etxeak gastuen %7,5 hartu ditu bere gain. Baiona eta Hendaia batzeko bidegorriaren zati garrantzitsuetakoa zen Bidartekoa, baina oraindik badira egiteko zatiak. Esaterako, Bidarte eta Getaria arteko mugan bada eten labur bat; horregatik, beharrezko baimenak eskuratu ostean, lanak egiten jarraitzeko asmoa erakutsi zuen Jean-Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako lehendakariak.

Lasserrek bidegorrien aferak duen garrantzi estrategikoa azpimarratu zuen: "Zikloturismoa lurraldeko apustu ekonomiko garrantzitsuetako bat da. Bizikletan ibiltzeko bideak garatu eta berauei mugaz gaindiko dimentsio europarra emateak bisitari berrien etorrera ahalbideratzen du".

Egitasmo europarren baitan

Bidarteko proiektua Ederbidea planaren baitan ere aurkitzen da. Egitasmo hori Europa mailan bizikletarien turismoa sustatu eta errazteko sortu zen, eta bertan dira Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako dozena bat herri. 2016an abiatu zen proiektua 2019rako amaitu behar da eta Euskal Herrian bizikletan ibiltzeko eraiki edo egokitu diren bide desberdinak finantzatzen ditu.
Baiona, Donostia eta Iruñea batuko dituzten 238 kilometroko bi ibilbide txirrindularientzat egokitzea du helburu Ederbideak. Jada 132 kilometro bizikletan ibiltzeko egokituta daude eta horien artean daude Bidarte zeharkatzen duten 5,6 kilometroak.

Bestalde, Euro Velo izeneko mugaz gaindiko proiektua dago. Proiektu horrek Atlantikoari begira diren Europako sei Estatu zeharkatzen ditu (Norvegia, Ingalaterra, Irlanda, Frantzia, Espainia eta Portugal). Lapurdin, Bokale eta Hendaia arteko eremua egitasmo horren baitan kokatzen da. Hain zuzen ere, Bidarteko lanen izaera europarra aldarrikatu zuen Alzuri jaunak: "Ederbidea edo Euro Velo bezalako planek gure lurraldeari ikusgarritasun turistikoa ematen diote eta bizikleta bezalako garraiobide jasangarri bat sustatzen dute. Testuinguru horren baitan dira Bidarteko lanak".


Kostaldeko herritarrek bizikleta elektrikoak alokatzeko egitasmoa

Baiona inguruko garraioaz arduratzen diren enpresek bizikleta elektrikoak alokatzeko aukera eskaini diete Angelu, Baiona, Biarritz, Bidarte, Bokale, Hiriburu eta Tarnoseko herritarrei. Uda sasoiak irauten dituen hiru hilabeteetan itzelezko arazoak izaten dira Lapurdiko kostaldeko errepideetan. Horren aurrean, bizikletaz mugitzeko hautua egiten duten herritarrei erraztasunak eskaintzeko alokairu sistema bat proposatu dute.

Aurrez aipatutako herriren bateko biztanle direnek, nongo herritar diren dioen frogagiria eta nortasun agiriaren kopiarekin batera, berme bezala 800 euroko gordailu bat ezarri beharko dute, arazorik ezean alokairua amaitzean itzuliko zaiena.

Bizikletaren erabilera sustatzeko egitasmo bat izateko, ordea, prezioak herritarrei begira baino, bisitariei begira ezarriak izan direla dirudi, ezin esan baitaiteke prezioak aski apalak direnik. Hilabete bakar bat 50 euro kostatuko da eta hiru hilabete 130 euro. Garraiobide publikoa erabiltzeko Chronoplus abonamendua dutenek, berriz, hilabete bateko alokairua 40 euro eta hiru hilabetekoa 100 euro ordaindu beharko dituzte.