Xan Idiart

Frantziako Tourra Euskal Herrian : "gure mezua zabaldu da mundu osora"

Frantziako Tourra Euskal Herritik iragan da uztailaren 28an. Milaka euskal herritarrek horretaz ohartarazi diote munduari.

«You are in the basque country» kartelak eta ikurrinak. (@TourraEHn)
«You are in the basque country» kartelak eta ikurrinak. (@TourraEHn)

T-shirta berdez jantzita daude gehienak. Gainean "This is the Basque Country" idatzia da. Frantziako Tourra Ezpeleta eta Senpere artetik pasatzekoa da uztailaren 28 honetan eta mezu argi horrekin dira txirrindularien beha : "hemen Euskal Herrian sartzen zarete".

Larresoroko pentze batean bildu dira milaka pertsona goizetik. Haietariko batzuk bezperatik hor dira jadanik. Rafuk, antolatzaileetako batek mikroa hartzen du. "Erakuts dizaiogun munduari hemen Euskal Herria dela". Txalo zaparrada batek errezibitzen ditu hitz horiek.

Zazpirehun eta berrogei eta hamar pertsonek mosaiko bat osatu dute Euskal Herriko mapa bat marrazteko. Ondoan haurrek ikurrina erraldoi bat atxikitzen dute. Argazkia hartzear direla, France Télévisioneko helikopteroa agertzen da eta zuzenean transmititzen du Larresoroko pentze horretan gertatzen dena. Norbere pankartaren azpian oihuka ari da jendea : "independentzia ! Independentzia !"

Balorazio positiboa

Horrelako mezuak argi-argi gelditzen dira egun osoan. Vitel markako kamioi publizitarioa pasatzen denean "Agua ! Agua !" kantatuz espainiolez, Larresoron bildutako euskaldunek berehala txistukatzen dute "ura ! Ura" euskaraz erantzunez.

Balorazio positiboa egin du antolatzaileetako bat den Garikoitz Muxikak : "milaka ikurrina zabaldu ditugu orotara, eta gure mezua zabaldu da mundu osora". Jendea ere pozik agertu da azken txirrindularia pasatu ondoren, helburua ongi baino hobeki bete duela jakinda.

"Eta Mikel Landa ikusi dugu" emozionatzen da oraindik gazte bat Real Sociedadeko elastikoa soinean. "Gure koloreak defendatzen ditu". Ezpeleta eta Senpere artean bildu diren euskaldun guztiek egin duten bezala.