Kazeta

Senpere: 72 urteko gizonezko bat hil da aintziran

Zaindutako eremutik at igerian ari zen gizonezko bat hilik atzeman dute uztailaren 18an Senpereko aintziran. Zantzu guztien arabera, itota zendu da.

Gorpua zentro nautikoa dagoen eremuan atzeman dute. (Bob EDME)
Gorpua zentro nautikoa dagoen eremuan atzeman dute. (Bob EDME)

Charente-Maritime eskualdeko 72 urteko gizonezko bat hil zen uztailaren 18ko arratsaldean, Senpereko aintziran, Garako artikuluak azaldu duenez.

Zaindutako eremutik at igerian ari zen gizonezkoa ez zela bueltan etorri ohartuta senideek abisua eman zuten, 17.15 aldera. Sorospen zerbitzuek berehala agindu zituzten bilaketa lanak. Ondoko hiru orduetan gizonaren bila jardun zuten Kanboko suhiltzaileek.

Beraiekin batera Aquazone eremuko urpekaria 7 metrora jaitsi zen. Arcachonetik heldutako jendarmeek sonarra baliatu zuten. Hala eta guztiz ere, inolako emaitzarik gabe 20.00 aldera eten behar izan zuten bilaketa dispositiboa.

Atzo goizean goiz ekin zioten berriro bilaketa lanari, aintzira publikoarentzat zabaldu aitzin. Goiz erdialdean atzeman zuten, zentro nautikoa dagoen eremuan, zantzu guztien arabera itota hil zen gizonezkoaren hilotza.