Xan Idiart

Sei zentral fotovoltaiko berri idekiko dituzte udan

Energia berriztagarria proposatzen duen I-Ener sozietatearen eskutik gauzatuko dira egitasmoak Lehuntzen, Bardozen, Baigorrin, Anhauzen eta Eiheralarren.

Izurako elizan txapa fotovoltaikoak jarri ditu I-Enerrek. © I-Ener
Izurako elizan txapa fotovoltaikoak jarri ditu I-Enerrek. © I-Ener

"Gaur egungo energia modeloa ez da batere errentagarria eta ona." Esaldia, energia berriztagarria sustatu nahi duen I-Ener sozietatearena da. Ondoko asteetan sei zentral fotovoltaiko berri idekiko ditu Ipar Euskal Herriko bost herritan: Lehuntzen, Bardozen, Baigorrin, Anhauzen eta Eiheralarren.

Proiektuak ulertzea erraza da. Gauzatzea ez hainbeste. Egokia den herriko teilatu bat aurkitu behar da hain zuzen zentral fotovoltaikoa instalatzeko. "Teilatu horiek ekoiztuko duten energia elektrikoak parte hartuko du Lehuntzeko, Bardozeko, Baigorriko, Anhauzeko eta Eiheralarreko herritarren beharretan", aitzinatu du I-Enerrek.

Lehuntzen adibidez, trinketeko teilatuan jarriko dituzte txapa fotovoltaikoak 60 m2ko azalera batean. 20.000 euro kostatzen du proiektuak. Herritarrek berek diruztatuko dute inbestimenduz. 6.000 euro eman beharko dute orotara. Gaineratekoarentzat I-Enerrek du mailegu bat egiten. Herriko Etxeek ere sosa eman dezakete hala nahi badute. 

Anhauzen berriz, tamaina bereko obrak eramanen dituzte, baina herriko elizako teilatuan oraingoan. Urtero CO2 zazpi tona saihestea espero da Lehuntzeko zein Anhauzeko proiektuekin. 11.000 kwo ekoizten ahalko dira, hiruzpalau etxeren kontsumoa da hori guti gora behera.

Hautetsiak lagun

"Bardozeko herriak I-Ener-ekin elkarlanean lan egin izan nahi du lurraldeko trantsizio energetikoan parte hartzeko", azaldu du auzapezordea den Maider Behoteguyk. Euskal Elkargoak bultzatu nahi duen tokiko energia berriztagarrien proiektuekin bat datozela Bardozen uste du.

Baigorrin ere gauza bera pentsatzen dute hautetsiek. "Gaur egun funtsezkoa iruditzen zaigu gure ingurumenaren zaintzea", erran du herriko auzapeza den Jean-Michel Coscaratek. Han akanpalekuan jarriko dituzte txapa fotovoltaikoak, baina beste egitasmo bat ukan zuten hasieran: Herriko Etxe berrian egurrarekin dabilen berogailu bat plantatzearena. Desmartxa ez dute burutu arazo arkitekturalak zirela-eta.

Uda honetan I-Enerrek obratuko dituen lanak ez dira lehenak. 2014an sortu denetik, hainbat proiektu eraman ditu aurrera. Uztaritzen adibidez, Kiroleta ezker paretan txapak ezarri dituzte jadanik, baita herriko eskola publikoan ere. Hendaian, Izuran edota Irulegin ere lan egin du sozietateak.

Gaur egun oraindik, beste 25 egitasmo ikertzen ari da Ipar Euskal Herri osoan. Baionaraino heda daiteke sozietatea. Herriko Etxeak osteguneko kontseiluan bozkatuko du hitzarmen bat, I-Enerrek hirian txapa fotovoltaikoak instalatu ditzakeen edo ez ebazteko.