Kazeta

Baztandarren Biltzarra: karrozei bidea irekiko diete Altsasuko burasoek

Baztandarren Biltzarra uztailaren 22an iraganen da, Elizondon. Aurten, ibarreko hamabost herrietako karrozekin egiten den desfilea Altsasuko burasoek irekiko dute.

Baztandarren Biltzarra Elizondon.
Baztandarren Biltzarra Elizondon.

Egun guti falta dira Elizondo baztandarren topalekua bilakatzeko. Aurtengo Baztandarren Biltzarra uztailaren 22an iraganen da. Urtero bezala, Baztango hamabost herrien karrozak bestaren protagonistak izanen dira. Aurten, Audientzia Nazionalak zigortutako zortzi gazte altsasuarrei elkartasuna helarazteko xedez, beren burasoek desfilea irekiko dute.

Berrikuntzak aipatzerakoan, hondakinak murrizteko ahaleginak eginen dituela aipatu du Baztandarren Biltzarreko elkarte antolatzaileak. Alde batetik, "Edalontzia berrerabili, bestan zurekin ibili" lelopean, edalontzi berrerabilgarrien erabilera sustatuko du. Bestalde, karrozak desmuntatzean sortzen diren hondakinak birziklatzeko arreta berezi jarri du, Herriko Etxearen laguntzaz.

Halaber, eraso sexisten kontrako protokoloa ere prestatu duela aipatu du. "Besta denendako da; elkar errespetatuz denek ongi pasatzeko eta gozatzeko", erantsi du.

Urtero bezala, karrozen ondotik, bazkaria prestatuko du merkatu estalian. Bertako laborari eta abeltzainek ekoiztutako produktuen aldeko parioa egiten segitzen du bestak. Antolatzaileen erranetan, sarrerak uztailaren 18an Baztandarren Biltzarraren egoitzan erosten ahalko dira. Egun horretan erosten ahalko ez duenak mezu bat bidali dezake ondoko helbidera: baztandarrenbiltzarra@hotmail.com.