Kazeta

Zirkulazioa oztopatu eta kalteak eragin dituzte uholdeek

Euri anitz egin du uztailaren 15eko gauean, baita ortzantza ere. Goizean goiz, zenbait bide hetsi behar izan dituzte, Lapurdi aldean bereziki.

Uztaritzeko pentze bat uholdeak pasa ondoren. Lurrak ezin izan du ura xurgatu. © Isabelle Miquelestorena
Uztaritzeko pentze bat uholdeak pasa ondoren. Lurrak ezin izan du ura xurgatu. © Isabelle Miquelestorena

Alerta laranjatik atera da dagoeneko Ipar Euskal Herria, Pirinio Atlantikoekin batera. Haatik, euri zaparrada eta ortzantzarengatik, zirkulazioa oztopatua izan da goizean uztailaren 15 honetan. Lapurdiko bazterrak izan dira hunkituenak.

Baiona, Biarritze, Bokale, Mugerre, Arbona, Basusarri, Uztaritze, Arrangoitze, Bidarte edo Milafrangan hainbat arazo sortu dira. Uztaritze eta Baionaren arteko bidean, auto zenbaitzuk bazterrean gelditu dira ezin aitzinatuz. Ondorioz, auto ilarak sortu dira, eta arazo bera gertatu da autobidean, Arbonarantz doan bidean.

Animaliak hilik aurkitu dira batez ere Arbonan. Orkatz bat atzeman dute birikak urez beterik bide bazterrean. Hantik hurbil, Larrondoa bideko etxeetan biziki gora joan da ura. Garaje batzuetan 150 zentimetrotan zen.

Arbonako Bassilour bideak justuki beti blokaturik segitzen zuen arratsalde hasieran, baina normaltasunera itzuli da orain. Baionara joateko RN10 bidea hartu behar zen, eta auto guztiek hori egiten zutenez, ilara luzeak sortu ziren Negresse aldera iristean.

 

Etxeetatik hurbil kalteak eragin dituzte uholdeek. © Isabelle Miquelestorena

Autopistari dagokionez, gaueko 05:30 eta 07.00ak artean moztua izan da Bénesse-Mareme aldean, Landesetan baina Ipar Euskal Herrirako bidean. Luiziak ere izan dira, eta arbolak kentzen ari ziren jadanik suhiltzaileak goizean. Biktimarik ez da izan, baina Angeluko suhiltzaileak 230 aldiz deituak izan dira interbentzioak egiteko.