Haritz LARRAÑAGA

Euskal Herria aldarri “Frantziaren egunean”

"Guk EH” kanpainaren baitan, “Frantziako besta nazionala” erabili zuen Aitzinak hainbat ekintza burutzeko. Arratsaldean Itsasun iragan zen ekitaldi politikoan Bretainiako Dispac’h gazte antolakundeko kideak ere presente izan ziren.

Aitor Servier Aitzina mugimenduko bozeramailea. ©Haritz Larrañaga
Aitor Servier Aitzina mugimenduko bozeramailea. ©Haritz Larrañaga

Estatu frantseseko herri gehienetan bezala, Ipar Euskal Herriko sarreretan izaten diren oroitarrien inguruan jende multzo andana bildu zen tronpeta soinu goibelekin, jantzi militarrekin atonduta eta bandera frantsesak eskuan, "aberriaren alde eroritako gudariak" oroitu eta goresteko. Aitzinako gazteek, ordea, hirugarren urtez jarraian uztailaren 14a erreibindikazio egun bilakatu zuten, Garako artikuluak azaldu duenez.

Aitor Servier Aitzinako bozeramailearen esanetan, "gure herriaren ukazioaren eguna hau Euskal Herria dela esateko baliatu nahi dugu, zapalkuntza agerian utzi, eta bide batez, gure eredua erakutsi".

Ekintza ugari goizean zehar

Goizeko lehen orduetatik hasi ziren gazte taldeak zenbait lekutan ekintzak egiten. Lapurdiko hiriburuan espekulazioa salatzeko pankarta erraldoi bat zintzilikatu zuten, Robert Alday promotore ezaguna egiten ari den lan eremu batean. Unibertsitateko sarreran bertako hezkuntza sistema baten aldeko pankarta jarri zuten.

Elikadura burujabetza aldarrikatzeko, berriz, Burger King ostatu bateko panela "Guk E.H." zioten errotuluekin estali zuten. Eta Baionako katedralean, "gure gorputza, gure erabakia" goiburua laguntzen zuen kondoi handi bat zintzilikatu zuten.

Beste gazte talde bat Irun eta Hendaia batzen dituen Santiagoko zubian izan zen. Estatu frantsesa eta espainiarra bereizteko ezarrita dagoen mugarria Euskal Herria aldarrikatzen zuen kaxa handi batekin estali zuten, "guretzat mugarik ez dela adierazteko", nabarmendu zuten Aitzinako gazteek.

Nafarroa Beherean ere izan ziren antzeko ekimenak. Donapaleun, esaterako, aldi baterako lan agentzia baten erakusleihoetan dozenaka afixa itsatsi zituzten eta arratsaldean Itsasura joateko deia egin zuten.

Lan, bizi eta ikasi

Artean, Itsasuko belaze batean, sasi-garbitzeko makinekin lanean ari ziren Aitzinako gazteak. "Guk E.H." idatzi zuten urrundik ikusteko moduan. Aldiz, ekimen nagusia arratsaldean izan zen Sanoki gelan.

Dozenaka gazte batu ziren Aitzinako ekitaldian. Lehenik Bretainiako gazte mugimenduaren bideo bat bota zuten eta jarraian azken hamar egunetan Euskal Herriko hainbat eragilerekin bildu diren Dispac´h gazte antolakundeko bi ordezkarik hartu zuten hitza. "Jasotako harrera ona eskertu" eta "elkarrekin lanean jarraitzeko" borondatea erakutsi zuten.

Goizeko ekintzetan bildutako irudiak igorri zituzten ondoren, musikarekin lagunduta, eta amaitzeko Aitor Servierrek hitz egin zuen. "Euskal Herrian lan, bizi eta ikasi nahi dugu, baina hezkuntza sistema, hizkuntza politika, lan baldintzak, Hego Euskal Herriarekiko harreman eredua, makroproiektuak, guztia kanpotik inposatzen zaigu, eta guk guzti honetan, hemen erabaki nahi dugu" azpimarratu zuen Aitzinako eledunak.

«Frantziako futbol taldea goratzeko Ipar Euskal herria bandera frantsesez bete nahi dute, baina euskal gazteriak ez ditu barneratu nahi frantses errepublikaren sasibaloreak», azaldu zuen Servierrek. Azkenik, «bere burua ezkertiar eta abertzaletzat duen gazte orori» zuzendu zitzaion, «borrokarako eta antolakuntzarako garaia» dela ohartarazteko. Ekitaldia amaitu bezain laster kontzertuak hasi ziren.