Iurre BIDEGAIN

Euskarabentura: erronkari eusten segitzen diote gazteek

Euguraldia dela eta, autobusez sartu behar izan dira Nafarroara Euskarabenturan parte hartzen duten Herriko 110 gazteak. Lehen etapan, Mauletik abiatu eta Jutsiko herrira ailegatu ziren espero baino akituagoak. Dutxa eta jan ondotik, antolatzaile, laguntzaile zein parte hartzaileekin hitz egiteko parada izan zuen KAZETA.EUSek.

Uztailaren 1ean hasiera emandako abentura aitzina doa. Mauletik abiatu, Jutsitik pasa eta Donibane Garazira ailegatu ziren asteartean Euskarabenturan parte hartzen duten 110 gazteak. Bertan Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta ELB sindikatuko kideekin elkartzeko parada izan zuten. Lehenengo etapa gainditu eta, antolatzaile, laguntzaile zein parte hartzaileen lekukotasunak bildu zituen KAZETA.EUSek.

21,2 kilometroz ibili eta, Jutsiko herrira ailegatu ziren 16.00ak aldera 110 gazteak. Jada pilota plazan itxoiten zutenek txalo artean errezibitu zituzten. Aurreikuspenak alde batera utzita, uste baino denbora gehiago behar izan zuten lehen etapa gainditzeko. Haatik, Popol Bosq eta Frantxoa Camusen laguntzari esker onik ailegatu ziren.

Ane Pedruzo egitasmoko antolatzaileak Euskarabenturaren hasieran sentitutakoa azaldu du. Orokorrean, gazteak gogotsu eta motibatuak daudela dio. Haatik, lehen aldiz egiten den proiektua denez, pixkanaka-pixkana elkar ezagutzen eta bata besteari egokitzen ari direla erran du.

Uztailaren 31ra arte izanen dute gazteek harremanak sendotzeko eta helburua betetzeko: euskararen erabilpena sustatu. Uztailaren 4ean, eguraldia dela eta, Donibane Garazitik Orreagara autobusez joan ziren.