Kazeta

Gazte ginearren kasua: erabakia haurrendako epailearen esku

Haurrendako epailearen esku utzi dute bi gazte ginearren kasua. Baionako epaitegiak auzi horretan bere burua eskumenik gabe deklaratu du ekainaren 28an iragan den auzi saioan.

Bi gazte ginearren aldeko elkarretaratzea Baionan. © Bob Edme
Bi gazte ginearren aldeko elkarretaratzea Baionan. © Bob Edme

Baionako auzitegiak amaitutzat eman du bi migrante ginearren aurka zabalik zuen kasua. Lau saio burutu ostean eta hainbat froga aztertu ondoren, auzitegiak migrante gazte horien adina zehazteko bere ezgaitasuna adierazi du.

Ondorioz, haurrendako jujeak izanen du hemendik aurrera bi adin txikikoei egokitzen zaien harrera zerbitzua zehazteko ardura.

Auzitegiak harturiko erabakiagatik baikor azaldu da Etorkinekin kolektiboko kide den Amaia Fontang. GARAri azaldu dionez, kanporatzeko arriskua guztiz saihestu ez bada ere, agiri faltsuen gaineko akusazioa baztertu ondoren kasua zigor auzitegitik atera izana «norabide onean harturiko deliberoa da».