Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Lukas Nesprias
Euskarabentura egitasmoko parte hartzailea

“Euskarabenturan parte hartzea aldi batez bizian gertatuko zaidan zerbait da”

Hamasei urte ditu eta Baionako René Cassin lizeoan ikasten du. Euskal Herriko paisaiak ezagutzea eta euskaraz pertsonak ezagutzea gehien berantesten zaizkion bizipenak dira. Lukas Nesprias Euskarabentura egitasmoan parte hartuko duten 120 gazteetariko bat da.

Lukas Nespriasek euskal piratei buruzko lan bat aurkeztu zuen hautaketa prozesurako.
Lukas Nespriasek euskal piratei buruzko lan bat aurkeztu zuen hautaketa prozesurako.

Nola ukan zenuen Euskarabentura proiektuaren berri?

Irratian entzun nuen eta ondotik ikerketa tipiak egin nituen Interneten proiektuari buruzko informazio gehiago lortzeko.

Zergatik erabaki zenuen izena eman eta hautaketa prozesuan parte hartzea?

Oso proiektu interesgarria iruditzen zaidalako eta garaian pentsatu nuen hautatua izateko xantzak nituela.

Euskal Herri osoko 140 bat gaztek hautagaitza aurkeztu dute eta horretarako gai zehatz batzuei buruzko lanak presentatu dituzue. Zeri buruzkoa da aurkeztu duzun proiektua?

Bideo txiki bat egin dut euskal piratei buruz. Mintzatzen naiz eta bitartean erraten dudana irudikatzeko marraztu ditudan irudiak agerrarazi ditut.

Zerk motibatzen zaitu gehien Euskarabenturan parte hartzeko?

Bereziki Euskal Herriaren itzulia egitea hilabete batez. Ez da usu gertatzen den zerbait. Aldi batez bizian gertatuko zaidala uste dut beraz xantza hartu behar dut.

Euskaraz mintzatzeak ere motibatu nau hemen denak frantsesez ari direlako.

René Cassin lizeoan diozu?

Hemen, Lapurdin. Iparraldean gehienak frantsesez ari dira. Euskarabenturak besteekin euskaraz mintzatzeko parada eskaintzen du.

Hiru zarete Ipar Euskal Herritik parte hartuko duzuenak. Xiberoa, Lapurdi eta Baxe Nafarroatik gazte bana, hain zuzen. Ezagutzen dituzu beste biak?

Ez, batere. Interesgarria izanen da jende berriak ezagutuko ditudalako. Bortxatua izanen naiz jende berriekin mintzatzea. Taldeka bidaiatzen duzularik ez duzu baitezpada besteekin mintzatzeko ohitura. Ezezagunekin joatean, behartua zira.

Zer da gehien berantesten zaituena?

Ibiltzea eta paisaia politak ikustea.

Euskal Herriko Dona Jakue bidea segituz, hogeita hamaika egunez oinez ibiliko zarerete. Prestatu zira fisikoki ibilaldia egiteko?

Aitarekin ibiltzen naiz usu. Aita, gainera, René Cassin lizeoan euskara irakaslea da, beraz kuraia eman dit proiektuan parte hartzeko.