Kazeta

Gay Pride-aren erritmoan biziko da Biarritz larunbatean

Ipar Euskal Herrian antolatzen den Gay Pride bakarra da Biarritzen, ekainaren 30ean, iraganen dena. Lesbiana, gay, transexual eta bisexualen eskubideen aldarria hiriko karriketara eraman ondotik, gaualdi bat antolatu du Baionan Les Bascos elkarteak.

Biarritzen antolatu ohi da Ipar Euskal Herriko Gay Pride martxa. (©Gaizka IROZ)
Biarritzen antolatu ohi da Ipar Euskal Herriko Gay Pride martxa. (©Gaizka IROZ)

Sexu bereko pertsonen arteko familien eskubideen alde jo nahi du aurtengo ekimenak. Les Bascos elkarteak antolaturiko martxak erabateko berdintasuna aldarrikatuko du ekainaren 30ean Biarritzen.

Lagundutako ernalkuntza legezkoa izatea eskatzen du elkarteak. Baionan antolatutako prentsaurreko batean sexu bereko bikote anitzek lagundutako ernalkuntza eskuratu ahal izateko Estatu espainiarrera jotzen dutela deitoratu du.

Gisa berean, sexu bereko familien eskubideak garatzea eskatu du. 2013az geroztik haurrak adoptatzeko eskubidea dute homosexualek. Haatik, kontseilu familia zenbaitzuek homosexualen eskaerak baztertzen dituela salatu du elkarteak. Biarritzeko ekimena aldarrikapen horiek guztiak entzunarazteko baliatuko du.

Ibilbidea 16.00etan abiatuko da hiriko itsasargitik. Impératrice etorbidetik, Clémenceau plazara ailegatuko dira parte hartzaileak eta bertan hitza hartuko dute antolatzaileek. Ondotik, Edouard VII etorbidetik Elisabeth II zelaigunera joanen dira. Eguna ongi bukatzeko, gaualdi bat antolatu dute Baionako Elkarteen Etxean 20.00etatik 02.00etara.