Maite UBIRIA BEAUMONT

Ezagupen ofiziala aitortu diete hautetsiek euskarari eta gaskoierari

Euskal Elkargoak lurraldeko bi hizkuntzei ezagupen ofiziala eskaini die, ekainaren 23 honetan, Baionan.

145 hautetsik 191ren gain bozkatu dute hizkuntzen ezagupenaren alde.
145 hautetsik 191ren gain bozkatu dute hizkuntzen ezagupenaren alde.

Tokiko hizkuntzen ezagutza politiko eta juridikoaren bidean mugarri garrantzitsutzat jo ditu Jean Rene Etxegaray Euskal Elkargoko lehendakariak larunbat goizean, ekainaren 23an, Baionako unibertsitatean bildutako erakundeko kontseiluak hartu dituen erabakiak.

Frantziar Estatuan hizkuntzen aldeko politikak duen "atzerapen lotsagarria" salatu ondoren, koofizialitatearen aldeko aldarria egin du Euskal Elkargoko buruak.

Hartara, euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza aintzat hartzen dituen ebazpenak 145 aldeko boto, 18 kontrako eta 22 abstentzio jaso ditu. Adierazpenaren osagarriz, kontseiluak bigarren ebazpen bat ere onartu du euskararen alde erakundeak garatuko duen hizkuntza politikoaren ardatz nagusiak eta alorrez-alorreko egitasmoak zehazten dituena.

Hautetsi bakar batek, Guy Mondorgek, bozkatu du bi ebazpenen kontra. Bere erabakia azaltzeko orduan bilkurara etortzekorik izan ez duen beste hautetsi batek agindutako botoa eman duela argitu du hautetsi angeluarrak. Elkargoko zuzendaritzako kide gehienez gain, kontseilukide anitzen zurrumurruak eta irriak eragin ditu azalpenak.

Hain zuzen, hautetsi angeluarra izan da euskara eta gaskoia lurralde hizkuntza gisa onartzeko adierazpenari buruz ika-mika piztu duena.

Lurraldea

Adierazpenak argiki jasotzen du euskara garatzeko politika hiru lurraldeetan gauzatuko dela. Alta, gaskoiaren aldeko hizkuntza politika zehazteke dagoen heinean, mintzaira horren aldeko ekimenak zer lurralde eremuan garatuko diren ondoren erabakiko dela adierazten du agiriak.

Horren aitzakiaz gaskoiaren alde Baionan jarduten duen akademiako kide den hautetsiak hizkuntza arteko mugak ezartzeko nahikeria egotzi dio Beñat Arrabit euskara arduradunari. Bien arteko ika-mika bideratzeko xede aipu hori kentzeko proposamena luzatu du Jean Rene Etchegarayek. Elkargoko buruak planteaturiko emendakinak botoen %59 jaso du. Behin ataka gaindituta, bi ebazpena aise atera dira aurrera.

Gisa berean, osoko bilkuran abantzu aho batez onartu du heldu den ikasturteari begira irakasle postu berriak eskatuz Seaskak aurkezturiko mozioa. Mondorgek kontrako boto delegatua eman du puntu honetan ere.