Kazeta

G7 Gailurra Biarritzen iragaitearen kontra agertu da EH Bai

G7 Gailurra Biarritzen iraganen da 2019ko abuztuaren bukaeran. Biarritzeko auzapeza den Michel Veunacek erakutsi duen pozarekiko "atsegabetua" sentitzen dela adierazi du EH Baik. Mundu mailako ekimenaren kontra mobilizatuko dela iragarri du.

EH Bai G7 Gailurraren kontra mobilizatuko dela iragarri du agiri baten bidez. ©Bob EDME
EH Bai G7 Gailurraren kontra mobilizatuko dela iragarri du agiri baten bidez. ©Bob EDME

EH Bairen aburuz, G7 gailurra "sistema kapitalista eta multinazionalen ordena zaintzeko" xedea duen "munduko elite" eta "klase dominanteen" bilgunea da. Biarritzen 2019ko abuztuan iraganen den ekimenaren karietara, Euskal Herriko ospea defenditzen ahaleginduko dela erran du.

Michel Veunac Biarritzeko auzapezak plazaratutako poza deitoratu du EH Baik. "Biarritzek bil lezakeen famaz soilik axolatzeak ikuspegi hertsi, motz eta egoista erakusten du. Lotsagarria iruditzen zaio EH Bairi".

Mugimendu abertzalearen erranetan, G7 gailurra hitzordu garrantzitsu bat izanen da "Estatu nagusien politikak salatzeko, berehalako neurriak exijitzeko, kapitalismotik haratago doazen beste logika zein alternatibak aldarrikatzeko eta herrien autodeterminazio eskubidea defenditzeko".

Nahiz eta oraingoz ez dituen mobilizazioaren formak zehaztu, ekimen horiek "masibo bezain herrikoak izatera" deitu du.