Joseba AURKENERENA

Euskaralai eta Janbattitt Dirassar

IRITZIA- Aurten, ekainaren 10ean izan da Begiraleak elkarteak urtero Donibane Lohizunen antolatzen duen Euskaralai izeneko eguna. Egun honen xedea euskara bultzatzea da, modu goxo eta alegera batez. Hortik datorkio izena. Egun horretan, Maia Muruaga kazetariak jendaurreko elkarrizketa bat egin zion Janbattitt Dirassar kazetari eta idazleari. Begiraleak elkarteak bere liburu berri bat plazaratuko du azaroan. Horretaz eta beste zenbait kontuz aritzen da Aurkenerena artikulu honetan.

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

Badira lauzpabost urte Donibane Lohizuneko Begiraleak elkarteak Euskaralai izeneko besta antolatzen duela. Besta honen xedea euskara bultzatzea da, eta Donibaneko hainbat elkarte, erakunde eta eskolaren laguntzaz egun polita eta goxoa prestatzen dute urtero. Aurten ekainaren 10ean izan da, eta urtero bezalaxe, izan dira kantuak, dantzak, euskal jokoak, haur jolasak, pailazoak, liburu azoka, olerkiak, taloak, kafea eta bizkotxak… eta batez ere, biziki giro ona bertara hurbildu diren haur, gazte eta helduen artean. Aipatzeko modukoak dira AEK-ko irakasleek jendaurrean egin duten oinarrizko kurtsoa eta eskualdean horren ospetsua eta maitatua den Janbattitt Dirassar kazetari eta idazleari Euskal Irratietako Maia Muruaga kazetariak jendaurrean egin dion elkarrizketa. Azken honi lotuko natzaio segidan.

     Gaia ongi azaltzeko, erran behar dugu, Begiraleak elkartearen barruan badela Eskuz eta Begiz izeneko literatura-taldea, eta urtero izen bereko aldizkari bat plazaratzeaz gain, Begiraleak elkartearekin loturarik izan duen euskal idazle baten libururen bat argitaratzen duena. 2016an Telesforo Monzonen Urrundik. Bake Oroi  izeneko olerki liburu ederraren bigarren argitalpena plazaratu zuten, 2017an Iratzederren Pindar eta lano  olerki liburu miresgarriaren bigarren edizioa, eta aurten, elkarteak azaroan izanen duen Biltzar Nagusian Janbattit Dirassarren ehun eta hamabost narrazio inguru biltzen dituen liburua aurkeztuko dute. Izenburua oraino erabaki gabe dago.

Begiraleak elkarteak, beraz, 2018. urtea Janbattit Dirassari eskaini dio, ongitxo merezi baitu.  Aipatu narrazioak dira Dirassarrek Herria kazetan plazaratu dituen 500 aitzin-solas edo editorialen artean, berak hautatu dituenak. Azaroan esku artean eduki ahal izanen dugu Dirassarren liburu berria. Baina anartean, gogoratu nahi dizuet  nor dugun Janbattitt Dirassar eta zein diren euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lan handi eta baliosak.


    Janbattitt Dirassar Hazparnen sortu zen 1937ko otsailaren 17an, Zelhaia auzoaldeko Irriberria baserrian, Urtsumendiaren itzalpean. Euskaralai-ko elkarrizketan azaldu zuen bezala, bere giroa ttipi-ttipitatik arras euskalduna izan da. Eskolan frantsesa ikasi behar izan zuen, modu traumatiko batez, garaian erakusten zuten bezala, hau da, euskara debekatuz, eta Aundi izeneko joko antieuskalduna larrutik jasanez eta sufrituz. Hala eta guzti zere, beti atxiki ditu euskara eta euskaraz idazteko gogoa.

    Bazuen kusin bat, apeza zena, Jean Hiriart-Urruti, Herria kazetan idazten zuena, eta hark puxatu zuen, neurri handi batean, euskaraz idaztera, baita, geroxeago, Hazparneko kolegioan irakasle izan zuen Errient Xarritonek ere. Haiei zor die, nolabait erraiteko, euskararekiko maitasuna kazetaritzaren bitartez bideratzeko gazte-gaztetik hartu zuen hautua.

    Lehen ikasketak auzoaldean egin zituen eta gero Hazparneko San Josep ikastetxe katolikoan. Hamazazpi urte zituenetik erretretan sartu arte  kazetaritza izan du lanbide. Lehenik Basque Éclair kazetan frantsesezko kronikak idatzi zituen 10 urtez, eta han Marijane Minaberri eta Gexan Alfaro ezagutu zituen. Gero, Basque Éclair erosi zuen Sud Ouest egunkarian jardun zuen, frantsesez zein euskaraz: Donibane Lohizuneko berriak idazten zituen, bai eta euskarazko atal apurrak ere. Egoitza Bordalen duen agerkari hartan 25 urtez aritu zen. Euskaralai eguneko elkarrizketan azaldu zuenez, Donibane Lohizuneko erredakziora hiru hilabetetarako deitu zuten eta bertan 20 urtez ari izan zen lanean.

    Hori izan da luzaz Dirassarren lanbide ofiziala, baina zaletasunez beti izan da Herria kazeta euskaldunarekin loturik. Iparraldean Eskualduna zen tradizio handiko euskal kazeta, baina 1944an, tropa aliatuak Parisen sartu zirelarik, debekatu egin zuten, alemaniarren okupazioaren garaian III. Reicharen eta Vichy-ko Gobernuaren aldeko jarrera ukan zuelako. Urte berean, garai hartan Iparraldean nabarmentzen zen euskal idazle talde batek Herria kazeta sortu zuen. Hortxe idazten zuten Leon Leonek, Jean Hiriart-Urrutik, Zaldubik, Oxobik, Anxuberrok, Piarres Lafittek eta  Iparraldeko gainerako idazleek.

    Lehen zuzendaria Piarres Lafitte izen zen 1944tik 1967ra, Jean  Hiriar-Urrutik lekukoa hartu zion gero, eta zuzendari lanetan aritu zen 1967tik 1969ra. Hirugarrena Emile Larre izan zen, eta luzaz gainera, 1969tik 2003. urtera arte. Eta laugarrena Janbattitt Dirassar daukagu 2003. urtetik gaurko egunetara.

    Kazeta honek indar eta zabalkunde handia izan du Iparraldeko lurraldeetan. Berrogeita hamarreko hamarkadan 10.000 ale plazaratzen zituen. Gaur egun 3.000 inguru hedatzen ditu. Lerro hauek idazten ari naizelarik, jadanik 3.454. zenbakia plazaratua daukate, formatu guztiz berritu eta modernoan, eta Iparraldeko nafar-lapurteratik abiatuz euskara baturanzko bidea eginez.

    Janbattitt Dirassar hemezortzi urterekin hasi zen Herria kazetan kolaboratzen, eta horretara Jean Hiriart-Urruti kusinak bultzatu zuen. Hastapenetan pilotaz idazten zuen Arraia ezizena erabiliz, pittaka-pittaka gainerako sailetan idazten hasi zen. 1996ean Herria-ko zuzendaria zen Emile Larrek bidaia bat egin zuen Ameriketako euskal diasporara. Berak idazten zuen astero kazetako editoriala, eta gomita egin zion, Ameriketan zen bitartean, berak idatz zitzan aitzin-solas horiek. Dirassarek onartu eta horrela egin zuen Emile Larre izuli zen arte. Emilek biziki lan polita egina zuela ikusirik, hortik aitzina, berarekin aldizka egiteko eskaintza luzatu zion, eta Dirassarrek, gomita gogo onez harturik, horrela egin du orduz geroztik. Jadanik, arestian aipatu bezala, baditu 500 bat editorial plazaratuta. Horietako 115 inguru izanen dira Begiraleak elkarteak azaroan plazaratuko duen liburuan irakurri ahal izanen ditugunak.

    Haatik, erran behar dugu liburu hau ez dela argitara eman duen lehena. 1995ean, eta Elkar argitaletxearen bitartez, Hegiko bordatik izenburuko liburu ederra plazaratu zuen. Bertan haurtzaroko oroitzapenak kontatzen zituelarik. Bi urte berantago, hau da, 1997an, bere lehen eleberria plazaratu zuen, Bihotzeko mina izenburu zuena. 2013an bigarrena plazaratu zuen, Bele xuriak. Biak Elkar argitaletxearen bidez. Horretaz gain, aipatu behar dugu 1996an, Sarako idazleen Biltzarrak urtero ematen dituen bi sarietako bat eman ziola, eta 2004. urtetik aitzina euskaltzain ohorezkoa dela. Ongi merezita dena.

    Hauxe da, irakurle, gaur Ziburun bizi den Dirasarri buruz, laburbilduz, erran dezakeguna. Euskaralai egunean egin zioten elkarrizketaren bukaeran, bi olerki eder irakurri zituen, Negu gaua eta Uda gaua izenekoak, 2017ko ekainean karrikaratu zen Eskuz eta Begiz aldizkariaren lehen zenbakian jadanik plazaratuak zituenak. Lehena hitsa eta tristea bada ere, bigarrena alegera eta airosa dugu, eta horixe izanen da artikulu hau bukatzeko jarraian, omenalditxo gisa, emanen dudana. Janbattittek hori eta ainitzez gehiago merezi duelakoan.


UDA GAUA ///  Uda betean, beroak bero, Urtsu mendiko aldean /
Gelditu nintzan, gogoa harro, baserri pollit batean / bai eta jarri, hatsa hartzeko, borda baten sahetsean./ Beranta bildu ohartu gabe haitzño baten itzalpean / beti han nintzan, lilluratua, gaua etorri zenean.

Udako gauak, Euskal Herrian, zinez gau paregabeak! / Gau alegera eta sanoak, eztitasunez beteak / Ilunak ilun zernahi argi, goxoan lo artaldeak / mendi gainetik itsasoraino lorietan gau-beleak. / Hor ametsetan egonen nintzan urteak eta urteak!

Desagertuak aspaldixkoan mamuak eta laminak / andere xuri ile luzeak eta lehengo sorginak / Atso itsusi sudur makurrak, kasik denak mutxurdinak / basajaun ausart atrebituak, herensuge tzar ilunak / Denak joan dira, bakean gaude, bota beraz irrintzinak!

Erdi lotarik noizbait entzun dut xoriño baten Mantua / tiruliruli tirulirula airoski zen plantatua / Xoriño horren mezua hor dut burutan ongi hartua / bake goxo bat dela  gauak gau bazterretan hedatua / bake hortarik xurgatuz daukat bihotza loriatua!

Lasaitasunez jauntziak dira lekukoen xoragarri / oihan zabalak eta pentzeak, hori da zinez pozgarri / udako gauak bakez hantuak guzien atsegingarri! / ametsetarik ikusi ditut, ez dea hau harrigarri, / axeria eta oilarra musuka ari elgarri!