Kazeta

Baiona: helegite bat bestak ordaintzearen kontra

Joé Mendes alderdi sozialistako kideak Baionako besten ordainketari buruzko erabakiaren kontra helegite bat aurkeztu du. Paueko auzitegi administratiboak bi-hiru asteko epea du bere erabakiaren berri emateko.

 Aurten zortzi euro ordaindu beharko dira hiru eguneko sartzearen truke ©Bob EDME
Aurten zortzi euro ordaindu beharko dira hiru eguneko sartzearen truke ©Bob EDME

Hiru dira Baionako Herriko Etxeak harturiko erabakiaren kontrako errekurtsoa sostengatu duten herritarrak. Nahiz eta Joé Mendesek helegitea bere izenean aurkeztu duen, Biarritz eta Mugerreko beste bi herritarrek beren sostengua helarazi diote.

Mendesen aburuz, arazoa politikoa da. Segurtasunaren aitzakia dela eta, ez du nahi Baionako Bestak soilik aberatsentzat izatea. Hiriko ospakizunak beti "herriarentzat" eta "libreak" izan direla dio.

Nahiz eta alderdi sozialistako kidea den, Joé Mendesek bere erabakia pertsonala dela nabarmendu du. Alderdiak zein kolore bereko Herriko Etxeko hautetsiek ez dute sostengatzen. Haatik, ez diote beren desadostasuna adierazi ere.

Helegitearen arrazoiak plazaratu ditu Fabien Macagno abokatuak. Alde batetik, sartzearen 8 euroko prezioa ez dela justifikatua dio. Halaber, beren iritziz, erabakiak hirian libreki ibiltzearen kontra jotzen du. Biarritzeko herritarrak azaldu duenez, bere alabatxia zaindu beharko du ostiralean Baionan. Nahiz eta ez duen bestetan parte hartuko, zortzi euroak pagatu beharko dituela deitoratu du.

Bestalde, komertzioengan ere eraginak izanen dituela dio abokatuak. "Bestekin loturarik ez duten dendek kalteak pairatuko dituzte, bezeroak ezingo baitira beren saltegietara joan", erantsi du.

Oroitarazi behar da hamasei urte baino gutiago dutenentzat sartzea kitorik izanen dela. Abokatuaren erranetan, 17 eta 18 urteko adingabeak baztertzen ditu erabakiak. Adina "arrazoi ekonomikoengatik" hautatua izan dela salatu du.

Paueko auzitegi administratiboa Joé Mendesen alde agertzen bada, berehalako auzia dela eta, bestak ordainaraztearen erabakia behin-behineko etengo luke. Sozialista baikor agertu da prentsaren aitzinean. Bere abokatua, ordea, ez hainbeste. Paueko epaitegiak ez badie arrazoia ematen, Estatuko Kontseiluarengana joko dutela iragarri dute biek.