Iurre BIDEGAIN

“Hitz eta Putz” Euskal Irratietako emakizunaren agurra

Arantxa Idieder kazetariak Euskal Irratietako “Hitz eta Putz” emankizuna azken aldiz gidatuko du  ekainaren 21n. Hutsunea nola beteko duen ez du erabaki komunikabideak.

"Hitz eta putz" saioa 17.00etatik 18.00etara emititzen zen Euskal Irratietako uhinetan. ©Sylvain Sencristo
"Hitz eta putz" saioa 17.00etatik 18.00etara emititzen zen Euskal Irratietako uhinetan. ©Sylvain Sencristo

"Puzgarria". Horrela definitu du Arantxa Idieder kazetariak "Hitz eta Putz" emankizunaren lau urteko ibilbidea. Arratsaldero 17.00etatik 18.00etara Euskal Irratietako uhinetan emititzen zen programa. Ekainaren 21 honetan azken saioa gidatuko du Idiederrek.

Memento "berezia" dela aitortu du esatariak. Tristezia eta nostalgiaz gain, lau urteko ibilbide oparoari esker poztasuna ere sentitzen du. Hasieran finkatutako helburuak bete dituela uste du.

Erabaki pertsonal bat dela eta, emankizuna bertan behera geldituko da. "Eguneroko sorkuntza eskatzen duen saioa da eta horrek lan sobera galdegiten du. Muga batera heldu naiz", aipatu du. Haatik, entzuleek bere ahotsa Euskal Irratietan entzuten segituko dutela ziurtatu du: "ez dakit zer eginen nukeen bestela".

Lau urteetan egindako elkarrizketa bat oroitaraztea galdegitean, ezin du bakarra hautatu. "Elkarrizketa anitz hunkigarriak izan dira, eta beste batzuetatik pozik atera naiz", erantsi du. Bere erranetan, kronikalariekin izandako harremana ere baikorra izan da. "Emankizunaren oinarria trukaketa izan da. Batzuk lagunak ziren hasieran, eta beste batzuk lagunak bilakatu dira".

Mementoz zuzendaritzak ez du erabaki nola beteko duen "Hitz eta Putz" saioak utzitako hutsunea. Komunikabidea osatzen duten bost irratiek beren "nahiak" entzunaraziko dituztela azaldu du Idierrek.