Elkarlanean eraiki du bere azken diskoa Saioa taldeak

Saioa taldeak hamalau idazleren kolaborazioa izan du bere hirugarren diskorako. "Hiru, hamalau" izena duen ekoizpenaren musika eta interpretazioa Kamila Zubeldia eta Marieder Idiart taldekideen eskutik heldu dira. Inspirazio iturria eta kantuen hitzak artisten eskutik datoz.

Idoia ERASO|2018/06/21 14:10|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2018-06-19_a_14
Borobilaren inguruko lan kolektibo honek Rafa Rodrigo Perurena argazkilariaren irudiak hartu ditu oinarritzat.

Bi ahotsek eta bi gitarrak ekartzen duten doinua "goxoki entzuteko musika" dela baieztatu zuen Kamila Zubeldiak, Saioa taldeko kideak. Eta kolaboratu duten beste artisten hitzen ekarpenari esker disko honen bitartez izan den garapena aditzera eman zuen, Garako artikuluak azaldu duenez. "Proiektua guregandik heldu da, eta jendeek plazer egin digute, guretzat idatzi baitute" azaldu zuen.

"Aitzineko lanetan beti ber mugarekin aurkitu ginen; Marieder eta ni Unaman, eta bera Sparteens eta Paco eta Marieder bikotean beti musika egiten aritu gara, eta ez hitzak idazten" azaldu zuen, eta hutsune horri erantzuteko atzematen zituzten testuekin betetzen zuten eskasa. Aldiz, "iruditzen zitzaigun hari bat eskas zela. Horregatik erabaki genuen guk gai bat hautatzea", gaineratu zuen.

Argazkilaria eta idazleak

Gaia aski fite hautatu zuten, "ez abiapunturik ez bukaerarik ez duen borobila". Baina hitzak berak beste elementurik gabe izan zitzakeen mugak aurreikusita, irudia gaineratzea bururatu zitzaien: «Argazkiak proposatzea irekidura bat izaten ahal zela pentsatu genuen, idazteko momentuan; eta laguna dugunez, Rafari deitzea pentsatu genuen eta segidan hainbat argazki proposatu zizkigun».

Argazkilariak bere 30 urteko ibilbidean zehar eginiko irudien artean 24 hautatu zituzten hirurek, eta ondoren idazleei igorri zizkieten. Hitzen sortzaileek irudien artean bat hautatu, eta horren gainean idatzi behar izan zuten testua. Kantuetako hitzak idazteko inguruko jendeari galdetu zioten, eta proposatutako 17 pertsonetatik 14ren hitzak atzeman daitezke diskoan.

Hiru irudi bi autore ezberdinek hautatu dituzte, eta horrek sorkuntzaren aniztasuna agerian utzi du. "Interesgarria da ikustea argazki batetik abiatuta zentzu guztietan joaten ahal direla testuak, baina bikoteetan ageriago gelditzen da".

Irudi berbera hautatu dute Aguxtin Alkhat eta Ainara LeGardonek. “Hesiak” eta “Infernuko errota” idatzi dituzte, hurrenez hurren, eta bertatik ateratakoa «ez da inola ere istorio bera». Andoni Tolosa eta Laida Etxemendiren testuei dagokienez, «ideia bera baldin bada ere, gaia arrunt ezberdinki tratatua da». Amaia Bosom eta Jurgi Equizaren kasuan, azkenak argazkia atxiki du gogoan eta bigarrena, berriz, "abiatu da, gaia bazterrerat utzirik". Gainerako kolaboratzaileak Beñardo Goietxe Laurnagarai, Xan Alkhat, Nora Arbelbide Lete, Nahia Zubeldia, Jenofa Oillarburu, Aratz “Berakatz”, Ramuntxo Christy eta Paxkal Irigoyen dira.

Testuetan bada denetarik, laburrak eta luzeak, errimadunak eta errimagabeak... baina musika idazteko unean aniztasun hori ez da traba izan. "Biziki interesgarria atzeman dut; jada bagenuen gaia eta argazkia, lehen zutabe gisa, eta autoreek igorritako testuarekin osatu dugu. Gainera, denak ezagututa haien nortasuna edo mundu artistikoa ere islatu ahal izan dugu –azaldu zuen Zubeldiak–. Hiru zutabe horien artean oreka atzeman behar zen, eta hori kantu guztientzat desafioa zen".

Ostiralean Baionan egin zuten aurkezpenaren ondoren, hurrengo hitzordua heldu den ostegunean Irisarrin izanen da. Ahal delarik, kontzertuaren tarte horretan, inspirazio iturri izan diren Rafa Rodrigo Perurenaren argazkien erakusketa jarriko dute.

Bi partaideak ez dira profesionalak, baina «musika eta musika sortzea biontzat biziki inportantea da. Beste energia batzuk pasatzeko modu polita da; biak biziki atxikiak gara horri». Amateur gisa, Iban Rusiñol profesionalaren laguntza izan dute ekoizpenean.