Haritz LARRAÑAGA

Hondakin kopurua murriztearen aldeko apustua egin dute kanpinek

Kanpinen elkarteak, Euskal Elkargoak, Bil Ta Garbi sindikatuak eta Citeo birziklatze enpresak bat egin dute "Udan, bakantzarik ez hondakinentzat" kanpainan. Egitasmoaren xedea turisten etorrerarekin gora egiten duen hondakin kopurua murriztu eta sailkatze sistema egoki baten bidez birziklatze eraginkor bat lortzea da.

Ipar Euskal Herriko 198 kanpinek bat egin dute egitasmoarekin. ©Isabelle Miquelestorena
Ipar Euskal Herriko 198 kanpinek bat egin dute egitasmoarekin. ©Isabelle Miquelestorena

Lapurdiko, Baxe Nafarroko eta Xiberoko 198 kanpinek bat egin dute egitasmoarekin, eta ondorioz, oinarrizko bost urrats egiteko prestatu dira. Uda sasoia aitzin sailkapen guneak identifikatzea da lehen urratsa. Sailkatzea egiteko aholkulari taldeak formatzea da bigarrena. Seinaleztapen eta komunikazio egokitua plantan jartzea hirugarrena. Egitasmoaren jarraipen iraunkor bat bermatzea litzateke laugarren urratsa. Eta azkenik, sasoia amaitu ostean proiektuaren bilana egitea izango da azken urratsa, Garako artikuluak azaldu duenez.

Estatu frantsesean duela sei urte hasi ziren Oleron uhartean turistei begirako antzeko kanpainak egiten eta sailkatutako hondakinen kopuruak %30 egin zuen gora. Ondorioz, helburu berarekin abiatuko da "Udan, bakantzarik ez hondakinentzat" goiburu duen egitasmoa. Hau da, ahal den neurrian sortzen den hondakin kopurua murriztu, eta sortzen den hondakinari dagokionez, berriz, kalitatezko birziklatzea burutzeko ahalik eta sailkapen egokiena egin.

"Atez ate" kanpinetan

Kanpalekuetan ostatu hartzen duten udatiarrei begira egingo duten sentsibilizazio lanetan lurraldeko hamazazpi aholkulari arituko dira, "mobil home edo kanpinetan diren turistak atez ate informatzen", jakinarazi zuen Bil Ta Garbi sindikatuko lehendakari den Martine Bisautak ekainaren 19an Bidarten eskaini zuten prentsaurrekoan.

Berrikuntza nagusia, ordea, hondakin pilaketa eta sailkapen sistema beraien egituretan ezartzea da. Aitzitik, proiektuak ahalik eta hobekien funtzionatzeko bisitariak sentsibilizatzea eta informatzea ezinbestekoa da. Horregatik, bisitariek derrigor erabili behar dituzten gailu edo lekuetan erraz ikusteko informazio panelak ezartzeko ardura ere beren gain hartzen dute.

Bidarten dagoen Oyam kanpalekuko kudeatzailea eta departamenduko kanpinen elkarteko lehendakaria den Lïc Peronek adierazi zuenez, "gero eta gehiago dira sailkatze eta birziklatze edukiontziengatik galdetzen duten bezeroak". Peronen iritziz, gainera, "hona datozen turista gehienak hemen daukagun ingurune naturalaz gozatzera etortzen dira; beraz, berau zaintzera behartuta gaude, eta horregatik esaten dugu, guretzat ‘eko’ hizkiek ekonomia eta ekologia esan nahi dutela, gure begietara biak txanpon beraren bi aldeak baitira".

Uda sasoian ia boskoiztu egiten da biztanle kopurua Lapurdin eta bisitari asko kanpalekuetan izaten da. Gauzak honela, Pascal Henaux, Citeo enpresako zuzendariak kanpinak lan eremu estrategiko bat direla ohartarazi zuen. "Bilketa selektibo egokia egin nahi badugu, zuzenean hondakinak sortzen diren guneetara joan behar dugu, ohitura txarrak ekidin, jendea informatu eta erraztasunak eskaini", nabarmendu zuen Citeoko zuzendariak.

Eman eta/edo hartu

Sailkapen eta birziklatze egitasmoarekin batera, oraindik baliagarri izan daitezkeen gauzak berrerabiltzeko ideia desberdinak ere badituzte proiektu honen bultzatzaileek eta haien informazio orrietan ingurumenarekin jasangarriagoak izateko egunerokoan alda daitezkeen ohituren berri ere ematen dute.

Hein horretan, "eman eta/edo hartu" dioten egurrezko etxolak ezarri dituzte zenbait kanpalekutan, oporrak amaitu ostean, baloiak, pilotak, bodyboard taulak, eguzkitako kremak edo berriz erabiltzeko aukera eskaintzen duten antzeko produktuak, zakarrontzira bota beharrean, bertan utz ditzaten.