Maite UBIRIA

Beren kexak entzunarazi dituzte pentsiodunek

Pentsiodunek La République En Marche alderdiko diputatuen egoitzetara eramen dituzten beren kexak. Erretreten izozketa gaindituz pentsiodunen erosteko ahalmena bermatzea galdegin diote Florence Lasserre-David diputatuari.

Pentsiodunen «bisita» jaso zuen diputatu angeluarrak.
Pentsiodunen «bisita» jaso zuen diputatu angeluarrak.

Bederatzi sindikatutako pentsiodunen sailek deituta, Estatuan bezala Euskal Herrian ere berriro mobilizazioak egin zituzten ekainaren 15ean, frantses Gobernuak aitzineraturiko erreformek pentsiodunen egoeran dituzten ondorioak salatzeko, Garako artikuluak azaldu duenez.

Aurten erretreten igoera ez aplikatzeaz gain, babes sozialeko sarea finantzatzeko balio duen CSG zerga %25 igotzea deliberatu du gobernuak.

Langileen kontratazioa eta soldatapean jardunen duten beharginen kontsumoa bizkortzeko xedez, Macronek kategoria aktiboen zergapetzea apaldu du, hala nola osasun segurantza eta langabezia saria finantzatzeko ekarpenak murriztuz. Gainera, neurri horrek Estatuaren diru sarreretan ekarriko duen galera saihesteko, pentsiodunen gaineko zerga zama handitu du, CSG tributuaren igoeraren bidez.

Iragan irailetik mobilizazio anitz egin dute pentsiodunek. Hala nola joan den martxoaren 14an, hexagonoan deituriko mobilizazio egunarekin bat eginez, 1.200 pertsona inguru bildu ziren Baionan zahar egoitzetako langileen greba babesteko balio izan zuen manifestazioan.

Protestek lehenengo fruitua eman dute: 2019an igoeraren eragina murriztea onartu du gobernuak. Hala ere, neurriak ez ditu pentsiodunak lasaitu eta CSGren igoera bertan behera uztea eskatu zieten, atzo, diputatuei. Hartara, pentsiodunak Florence Lasserre-David LREMko diputatuak Baionan duen egoitzara joan ziren egiten ari diren kanpainaren berri emateko.