Kazeta

Berehalako askatasuna aldarri

Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Unai eta Ion Kepa Paroten askatasunaren aldeko aldarria entzunarazi dute Baionako karriketan gaindi ekainaren 16an, larunbatean. Manifestazioaren bidez, lau euskal presoen eskubideen errespetua eta justizia justua aldarrikatu du Bagoaz kolektiboak.

Preso bakoitzaren egoera orroitarazi dute manifaren denboran ©Isabelle MIQUELESTORENA
Preso bakoitzaren egoera orroitarazi dute manifaren denboran ©Isabelle MIQUELESTORENA

"Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Unai eta Ion Kepa Paroten kondenak gehiegi iraun du, 28 urte. Beren familiek denbora gehiegi daramatzate presondegian ikusiz, horregatik diogu: egun bat gehiagorik ez!". Azken hilabete hauetan Bagoazek entzunarazi duen aldarriarekin bat egin du pertsona andana batek ekainaren 16an. Hain zuzen 1500 pertsonek Baionan antolatu duten manifestazioan parte hartu dute.

Ekimenarekin bat egin dutenen artean NPA-ren frantses hauteskunde presidentzialaren hautagaia zen Philippe Poutou eta hemengo hautestsi ainitz presente egon dira.

Eskubideen errespetua eta justizia justua eskatu dute hogeita zortzi urte preso daramaten lau herritarrentzat. Epaile eta prokuradorearen jarrerak deitoratu ditu Bagoazek mobilizazioaren bukaeran egindako hitz hartzean. Oroitarazi behar da lau euskal presoek egindako baldintzapeko askatasun eskaera guztiak ukatu dituela justiziak. Besteak beste, ordena publikoan eragin dezaketela diote epaileek.

Justiziak Euskal Herriko testuinguru berria kontutan hartzen ez duela salatu du kolektiboak. Bere aburuz, auzitegiek erabilitako argumentuak "zaharkituak" dira. "Argumentu hauek berriz erabiliz gero, azalean agertuko litzateke justiziaren borondate txarra edota mendekua. Justiziak bere rola bete behar du!". Jakes Esnal, Xistor Haranburu, Unai eta Ion Kepa Paroten egoera segitzea "jasangaitza" dela dio.

Bagoazek azpimarratu bezala, zigor arintze eskaera bat egin diote Emmanuel Macron Estatu frantseseko lehendakariari. Jakes Esnal eta Xistor Haranbururen aldeko eskakizuna giza desmartxa bat baizik ez dela azaldu zuen gutun bidez kolektiboak. Louis Joinet eta Philippe Texier magistratuek, baita Sylviane Alaux diputatu ohiek ere izenpetu dute galdea, besteak beste.