Ez da gauza berria. Igandeetan eta jai egunetan hipermerkatuak idekitzea ez du nahi LAB sindikatuak. Mezu hori aldarrikatu du hain zuzen ekainaren 17an, Hazparnen iragan den "bizitzeko egunak" ekimenaren karietara.
"Mezu hori publikoaren aitzinera eramateko ohitura du sindikatuak", adierazi du Maider Voyer Hittak. LABeko koordinatzailea da. Ez direla igandeetan hipermerkatuak idekitzeko ideiaren kontra dio, baina ez dute nahi hori ohikoa bilakatu dadin.
"Enpresa tipien kontra doa hori", segitu du Maider Voyer Hittak. Zirkuitu tipietan ibiltzen diren merkatu zein langile tipien kontra doala ere uste du. Arazoak sortuko lituzke ere garraio publikoak antolatzeko, eta familientzat haurrak zaintzeko.
Boluntariogoa
BAB 2ko Carrefour hipermerkatua igandeetan idekiko dute oraindik goiti nahi duten langileentzat. Horren alde bozkatu dute hango langileek, baina LABeko koordinatzailearen arabera boluntariogoan oinarritzea ez da egokia.
"Aste eta hilabetearen gaineratekoan lana hobeki ordaindua izanen balitz, ez lukete hori bozkatuko", adierazi du Maider Voyer Hiitak. Hazparneko herriak ez duela erabaki hori hartu oroitarazi du batez ere.