EH Baiko zuzendaritzako kideak hautatu dituzte militanteek

EH Bai mugimenduko militanteek zuzendaritzako kideak hautatu berri dituzte boto elektronikoaren bidez. Anita Lopepe eta Peio Etxeberri-Aintzart izanen dira bozeramaile berriak.

Maite UBIRIA|2018/06/13 07:44|0 iruzkin
Guz_ehbai_mai_2018_bobedme101
Orotara 141 militantek parte hartu dute aukeraketan. ©Bob EDME

Iragan martxoaren 3an eginiko Biltzar Nagusiak zehazturiko hautaketa sistema balioztatu ondoren, Euskal Herria Bai-ko militanteek, boto elektronikoaren bidez, zuzendaritzako kideak aukeratu berri dituzte, Garako artikuluak azaldu duenez.

Orotara 141 militantek parte hartu dute bozketan, eta bi bozeramaile izendatzeaz gain beste hamar alorretako arduradunak aukeratu dituzte. Anita Lopepe eta Peio Etxeberri-Aintzart izanen dira EH Baiko eledun berriak.

Bozeramaile bi horiekin batera, beste hamar arduradun hautatu dituzte EH Baiko militanteek: Laborantza alorreko arduraduna Mirentxu Auzqui izanen da; Alor Sozial eta Jendarte Eredu alorreko burua, Terexa Mixelena; Ekonomia saileko arduraduna, Jean Claude Malharin; Gatazka Konponbide alorrekoa, Garbiñe Eraso; Eraikuntza Nazionaleko ardura Xabi Larralderi egokitu zaio; Lurra eta Etxebizitza, Maite Goienetxeri; Trantsizio Ekologikoa saileko arduraduna Pantxo Tellier izanen da; Hauteskundeen Kudeaketa eta Erakundeetako arduraduna, Iker Elizalde; Barne Formakuntzarena, Peio Bellan eta, azkenik, Diruzaintzako arduraduna Gilles Haran hautatu dute.

Anita Lopepe bozeramaile berriak GARAri azaldu dionez, azken urteotan Ipar Euskal Herrian izan diren aldaketa azkarrei buruz gogoetatzeko eta erronka berrietara egokitzeko «EH Baik egituraketa berritzeko hautua egin zuen».

Gizartea eta erakundeak

Ardura banaketarekin amaitutzat eman den egitura-berrikuntza horrek bi erronka nagusiri erantzun behar diela zehaztu du bozeramaileak. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko lehenengo erreferente instituzionalaren sorrerak ekarri duen aldaketari erantzun nahi dio. «EH Baik hautetsiak ditu herriz herri, baita Euskal Elkargoaren baitan, eta lan hori behar dugu ahalik eta hobekien gauzatu».

Izan ere, Lopeperen iritziz, «EH Baik beste modelo bat eskatzen duenez, Euskal Elkargoak arrisku bat sortzen du, instituzionalizatzeko arriskua, eta hori saihesteko gure egitura alorren arabera antolatzea deliberatu dugu; horrela gizartean eta erakundeetan hobeki eragiteko».

Hau gaineratu du Lopepek: «Gure bizkarrezurra izan den dinamika lokala zainduko dugu, eta horregatik koordinazio bat aurreikusten dugu tokiko taldeekin harremana sustatzeko».

Erronka hurbilei dagokienez, EH Baik bi norabidetan indar egingo duela zehaztu du. Alde batetik, Macronen erreformen aurka pizturik dauden borroka sozialak babestuko ditu. Bestetik, Euskal Elkargoak urte bukaera aitzin bere eskuduntzak hautatu beharko dituenez, «prozesu horretan eragingo du», beti ere EH Bairentzat lehentasuna den «berezko lurralde elkargo bat» ahal den fiteen eratzeko «indarrak metatuz».