Kronika
 
Udaburua, sua eta eguzki goiena

IRITZIA- Euskaldun zaharrek urtea solstizio eta ekinozioen inguruan antolatu zuten. Udako solztizioa, udaburua ere deitzen duguna, garrantzi handikoa izan da beti gure artean, egun horietan neguko solstizioan sortutako eguzki berriak bere ibilbide gorena hartuko baitu ekainean. Hortik omen datorkio izena hilabeteari: Egi + gaina, hau da, eguzkiak zeruko gaina ukitzen duen aroa.

Joseba Aurkenerena|2018/06/12 19:27|0 iruzkin
Fotoefectos
Joseba Aurkenerena iruditan.

Europa osoan ospatu izan den jai hau zahar-zaharra da, eta badirudi loturik dagoela Paleolito Aroan kontinentea populatu zuen herri ibiltari, ehiztari eta biltzaile zahar harekin, orain, Europako mapa genetikoa burutu ondoren, ikerlariek deitzen duten herri protoeuskaldun harekin, alegia. Jai honen jatorria naturako indar menderaezinak nolabait ezagutzeko eta bereganatzeko garai haietako gizakiak egindako ahaleginetan bilatu beharko genuke. Ortzia edo unibertsoa ziklikoa zela jakitera iritsi ziren eta urtearen banaketa ezagutu zuten.

Horretaz gain, gogoeta handiak egin zituzten bizi-gurpilaz, ama-lurraren zikloaz, emankortasunaz, egunaren eta gauaren txandatzeaz, eguzkiaren inguruko lurraren mugimenduaz, urtaroez, ilargiaren aldiez, denboraren mugagabetasunaz, naturaren indarra menperatzen zuten jainko eta jainkosez, gizakiaren bizitza laburraz…  Eta hori dela eta, naturaren aldaketekin zer ikusirik zuten jai eta erritoak antolatu zituzten, horietako garrantzitsuenak solstizio, ekinozio edota ilargiaren aldiekin loturikoak.


1.- Garai zahar ilunetan.-

Lehen esan bezala. aro zahar haietan urtaroen banatzaileak, hau da, solstizioak eta ekinozioak, oso kontutan hartu zituzten euren egutegian zein urtero errepikatzen zituzten jai erritualetan, beraiek baitziren, nolabait, euren bizimodua bideratzen eta baldintzatzen zuten mugarriak.  Neolito Aroan, gizakiak,  bere bizimodua nekazaritza edo laborantzaren inguruan finkatu zuenez geroztik, lurraren indar ezezagunak ulertzeko eta aurreikusteko zuen berezko grina hori areagotu zen. Hau da gizakia hastapenetatik naturatik bizi izan da, eta horregatik saiatu izan da betidanik lurraren zikloa ezagutzen. Hori dela eta, urtez urte, urtearen sasoiak edo aroak ospatu ditu: Subilaro edo Olentzaro neguko solstizioan, inotea (edo ihotea) udaberriko ekinozioan… eta nola ez, Eguzkiaren Jai handia udako solstizioan.

Naturaren gurtzearekin loturik azaldu ziren euskaldunen lehen dibinitateak: In (edo Inko), Egu, Mari, Eki, Ilargi…. eta Ortzi berantago. Urtero, ospatzen zituzten jai erritual horietan dibinitate horiek gurtzen zituzten. Errito horien bidez, lurraren emankortasuna, uzta oparoak, narotasuna… bilatzen zituzten, eta horretarako haien aztiek lurra bedeinkatzen zuten edota ur eta su garbitzaileak erabiltzen zituzten. Hasieratik urtearen solstizio eta ekinozioen inguruan burutu zituzten erritualak, egunarekin eta gauarekin, eguzkiarekin eta ilargiarekin, lau urtaroekin, uzta eta emankortasunarekin erlazionaturik zeuden, halanola: Ekihotz gurtzen zuen Olentzero edo neguko zuhaitza neguko solstizioan, udaberriko ekinozioarekin eta ama-lurraren berpiztearekin loturiko inotea (In-o+te, Ine do Inko jainkoaren garaia, hainbat ikertzaileren ustez) eta Eki gurtzen zuen jai handia udako solstizioaren inguruan. Azken jai erritual horretan Ekik zeruko gaina jotzen du, eta hortik etor dakioke, hainbat antropologoren ustez, ekainari bere izena (eki+gaina = ekaina)


2.- Giristinoen hedapena.-

    Kristautasuna Europan zabaldu eta indartu zelarik, jentil usaiak edo ohiturak eraldatu eta bereganatu zituen. Honi sinkretismoa deitzen zaio.
Neguko solstizioaren inguruan Gabon eta Eguberri jaiak ezarri zituen, udako solstizioaren inguruan San Joan edo Jondoni Joane eguna, eta zikloaren berritzea azaltzeko, inoteen gibelean Garizuma eta Aste Saindua.
Errito zaharrak, lurraren eta azienden bedeinkapenak, ur eta su garbitzaileak, kantu eta dantza erritualak… eraldatu, moldatu eta bere egin zituen; baina errito horien atzean eraiki zuten mundu ikuskera erabat ezberdina zen.

    Hala eta guztiz ere, hau ez zen egun batetik bestera gertatu, eta lurralde ainitzetan, Euskal Herriko eremu zabaletan adibidez, aitzineko erritoak eta pentsamoldeak zituzten gogoan. Orduan elizgizonak errito horiek deabruarekin eta sorginekin lotuak zirela hasi ziren zabaltzen. Beraien menekoa ez zena, deabruaren menekoa zen, sorgin gaiztoen menekoa, eta akelarre deitu zuten jai erritual zahar horietara joaten zirenak zigortzeko edota Inkisizioaren sugarretan kiskaltzeko moduko bekatariak zirela hedatu zuten.

    Haatik, ez zuten inoiz errito zahar horien inguruko magia eta misterioa desagerrarazi ahal izan, eta gaurko egunetara arte, jentilen oihartzunarekin nahasirik iritsi zaizkigu.



3.- Jondoni Joaneren inguruko sinesmenak.-

    Jondoni Joane edo San Joan ekainaren 24an ospatzen da, udako solztiziotik (ekainaren 21ean, normalean)  gertu. San Joan bezperako gauean erritual franko ospatzen ditugu Euskal Herrian. Etxeetako ate eta leihoetan lizar edo elorri-zuri adaxka ezartzen da, eguzki berriak etxe horretan bizi direnak bedeinka eta babes ditzan. Herrietako plaza nagusietan lizar edo haritz  handi bat jartzen da eta herriko dantzariek dantza erritualak egiten dituzte zuhaitzaren inguruan.  Askotan lizar horietatik zintzilik San Joan gereziak ipintzen dituzte.

Herri, auzo, baserri guztietan sua pizten da. Suak eguzki berria omentzen du eta gizakion bekatuak garbitzen. Zenbait herritan patatak erretzen dituzte Jondoni Joaneren gaueko suan eta gero bertara hurbildu direnen artean banatzen dituzte denek jan ditzaten. Lehen, eta duela oso gutxi arte, oroitzapen txarrak ekartzen zituzten arropak edota objektuak surtara botatzen zituzten, eguzki berriak zorte hobea ekarriko zielakoan.
Suaren inguruko dantzak edota gazteek gainetik egiten dituzten jauziak ere ohikoak izaten dira.

    Gau magiko horren inguruan hamaika sinesmen daude gure geografiaren luze-zabalean. Ikus ditzagun horietako batzuk:

    -    Eguzkiak ekainaren 24ko egunsentia argitzen duenean, iturriek eta errekek jendea sendatzeko eta indartzeko ahalmena dute. Hori dela eta, jende askok egunsentian ura jaso eta etxera eramaten dute familia eta aziendak bedeinkatzeko.

    -    Berdintsu balio du egunsenti horretan zelai eta larreak bustitzen dituen ihintzak. Hori dela eta, jendea oinutsik ibiltzen da ordu horietan edota abereak ateratzen dituzte urte guztirako indar daitezen. Esaten dutenez, lehen baziren biluzik ihintzetan iraulka ibiltzen zirenak.

    -    Itsasoan biluzik, bizkarra emanez eta ilargiari begira sartzen denak gauza handiak egiteko aukera izanen du.

    -    Pikondo baten azpian  musika-tresna batekin jartzen denak berehala ikasiko du tresna hori jotzen.

    -    Ekainaren 24a hasten delarik, leihotik begiratzen duten ezkongaiek euren bizitzako maitasuna nolakoa izanen den ezagutuko dute.

    -    Zerbait ahaztu nahi badugu edo pertsona gaizto baten itzala guregandik urrundu nahi badugu, paper batean idatzi eta gaueko surtara bota. Papera surtara botatzean honelakoak esaten dira: “To zan, zaharra eraman zan eta berria ekar zan!”  edo “Txarrak eraman eta onak ekarri!”

    -    Emakume batek, biluzik eta bizkarra emanik, ispilura begiratzen badu kandela baten argipean, bere heriotzaren momentua ikusi ahal izanen du.

    -    Ekainaren 24an goiz jaikitzen denak ez du logurarik izanen urte osoan.


4.-  Jondoni Joaneren inguruko atsotitzak.-

    Euskaldunon artean horren garrantzi handikoa den egunak atsotitz edo erran zahar ainitz ekarri ditu. Ikus ditzagun horietako batzuk:

- Donianeko euria gariaren galgarria.
- Egunik luzeena San Juanena, gaurik luzeena Santa Luziarena.
- Eguzkiak San Joanetan dantza.
- Gaur da San Juan, bihar juan zan.
- Gaur dala, bihar dala, Doniane etzi, San Joan biharamune.
- Iduzkia Donianetan zeru goian dantzari.
- Jondane Johanez kükü, Jondane Petiriz mütü.
- Jondoanez belea gorde eta Jondore Petiriz bildotsa.
- Jondone Baladi, gutaz urrikal hadi.
- Jondoni  Joaneren euriak ogia itotzen eta arnoa urtzen.
- Jondoni Joaneko euria, ogien galgarria.
- San Joan bezpera, sarna fuera,. Ogi eta ardoa etxera. Atso zaharra    
  gangelpera. Neskatxa guztiak txokolate hartzera.
- San Joan eguna goizetik iluna.
- San Joan eguna, argitu orduko iluna.
- San Joan euri gabie, urtea ogi gabie.
- San Joan euritsu, urtea ogitsu.
- San Joan, artoa eta ogia kanpoan.
- San Joan, nekez etorri eta azkar joan.
- San Joan,nik ez daukat besterik gogoan, bi arraultza kolkoan, beste bi   
  gehiago altzoan. Artoak eta gariak gorde, gorde! Sorginak eta aztiak gure
  artean beude! Sugeak eta apoak erre, erre!
- San Joanek esku batean suba eta bestean uda.
- San Juan egunak ostirala harrapatzen duen urtea urte gaztigatua.
- San Juan eta barikua, saldu idi zurixa eta ekarri artua.
- San Juan goizeko inontzagaz hankak busti ezkero, gatxak kendu.
- San Juan larraka (eguraldi txarra), urte guziko marraka.
- San Juan su, bazter guztiak mamitsu.
- San Juan, biba San Juan! Artuek eta garixek gora!
- San Juan, jan-edanak juan.
- San Juan, zelan etorria, halan juan.
- San Juanetako artoak behar du belea tapatu.
- San Juanetako euriak kentan dei ogi eta ez dei emoiten ardau.
- San Juanetako euriak, ez ardo, ez ogi, ez haragi.
- San Juanetan euri garoa.
- San Juanetan festak, alaitzeko mutil eta neskak.
- San Juanetan kuku, San Pedrotan mutu.
- San Juanetan sagartzeari hiru ale ikusten bazaizkio, urte horretan nahiko
  sagar.
- Sua Gabonetan txapan, San Juanetan plazan.
- Udara, San Juanetatik San Pedroetara.


    Ez dut artikulu hau bukatu nahi horrelako kontuetan hainbeste bildu eta idatzi zuten Joxemiel Barandiaran, Julio Caro Baroja, Jose Maria Satrustegi eta Antxon Agirre Sorondo ikertzaile handiak eskertu gabe, beraiek egindako biltze eta zabaltze lana ezinbestekoa izan baita gure usadio zaharren oihartzunak bizirik atxikitzeko. Halaber, bihotzez eskertu nahi dut Joseba Mintegik Lazkaotik igorri didan material baliosa. Milesker, beraz, aipatu guziei.