Maite UBIRIA

Aitzina doa Baionan bukatuko den Alternatiba Tourra

Baiona helmuga duen Alternatiba Tourra Paristik abiatu da ekainaren 9an. Lapurdiko hiriburuan, zehazki Euskal Museoan, hitzordua eman dute sustatzaileek ezohiko ekimenaren jarraipena egiteko.

Alternatiba Tourra Baionatik abiatu zen 2015ean. (Bob EDME)
Alternatiba Tourra Baionatik abiatu zen 2015ean. (Bob EDME)

Parisko Stalingrad plazatik abiatu zen Alternatiba Tourra ekainaren 9an. Hexagonoan zein inguruko hainbat herrialdetan 200 bat etapa eginen duen bira sei hilabetez luzatuko da, Garako artikuluak azaldu duenez.

Alternatiba Tourra urriaren 6an helduko da Baionara. Lapurdiko hiriburuan berriki Iruñean antolaturiko Alternatiben Herria ekimenaren bidez marrazturiko eredu eraldatzaileen loratzea nahi dute islatu.

2015ean martxa Lapurdiko hiriburutik abiatu eta Parisen amaitu zen bira. Aurten, ordea, Baiona izanen da Parisen martxan jarriko den ekimen handi honen azkeneko helmuga. Urriaren 6an helmuga bereganatu aitzin, martxa Donostia eta Miarritze artean ere murgilduko da.

Planeta eta bizitzaren defentsa hartuz, klima aldaketaren ondorioei aurre eginez bestelako eredua plantan ematea eskatuko dute ekimenean parte hartuko duten hiritar eta elkarteek.

Horrendako, ibilbide aberatsa osatu dute hiri zein landa eremuetara urjentzia klimatikoa eta sozialaren aldeko aldarria eramateko.

Klima aldaketak agerian utzi dituen arazo eta erronkak aletu eta horiei erantzun zehatzak ematea dute helburu tourreko antolatzaileek.

Euskal Museoan, ekitaldia

Hastapenetik ekimenari babesa emateko xede, hitzordua antolatu dute Baionako Euskal Museoan.

Aipagai izan dituzte ekimen berri honen xehetasunak baita Baionatik abiatu zen 2015eko Alternatiba Itzulia hura ere. Orduko ekimenari buruzko erakusketa eta hainbat bideo ikusgai izan dira ekitaldian, 2013an sorturiko Alternatiba mugimenduko kideek azaldu dutenez.

Alternatiben Herrixken baitan kokatzen den Alternatiba Itzulian parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek. Eremuak zabaldu eta antolatzeko bidean "Elkartasuna eta partekatzea" da hautatu duten lema.