Goizeder TABERNA

Harrera elkartea, biziaren jostun

Luzaz etxetik kanpo, preso edo ihesean, ibili diren Euskal Herritarrak laguntzen ditu Harrera elkarteak. Ipar Euskal Herriko bost lekukotasun bildu ditu film batean, egiten duen lanaren berri emateko.

Aratz Gomezek duela hilabete batzuk berreskuratu du askatasuna. ("Hau da ene ondasun guzia" filmaren pantaila irudia)
Aratz Gomezek duela hilabete batzuk berreskuratu du askatasuna. ("Hau da ene ondasun guzia" filmaren pantaila irudia)

Harrera elkarteak hitzak eta aurpegiak jarri dizkio egiten duen lanari. "Hau da ene ondasun guzia" filman, ez dira bere sustatzaileak mintzo, laguntzen dituztenak baizik. Azken bi urteetan aske gelditu diren eta, geroztik, Ipar Euskal Herrian bizi diren bost lagunen lekukotasunak biltzen ditu. Egun hauetan, hamar bat herritan dago ikusgai.

"Urte askoren ondotik itzultzen den pertsona batek zailtasunak era askotakoak ditu, erronkak ere bai. Administratiboak, teknikoak, materialak, baina emozionalak ere, harremanei lotuak", laburbiltzen du Mikel Irastorzak filman. Duela urte bat itzuli zen Euskal Herrira, denbora luze batez bere herritik kanpo iragan eta kartzelatik pasa ondotik. "Bizitza berreraiki behar dugu" dio hark. Hainbeste denboraren ondotik, bizia berriz josi behar dute.

"Ezin da edozein lanetan aritu, urte askoz preso izan ondoren", gaineratzen du 18 urtez preso izan den David Gramontek. Kezka eragiten dio heldu diren urteetan kartzelatik aterako diren adin bateko euskal herritarrek : "60 urterekin, lan mundura itzultzea oso zaila da, gizarteak laguntza ekonomiko eta pertsonala eman behar die".

Erretretaren adina duten preso ohiek bezala, Lorentxa Guimonek ezin du lan egin, bere elbarritasunaren ezagupena baitu, eta Harreraren laguntza behar izan du etxean bere artamenduak jasotzeko. Laguntza administratiboa ere ekartzen du elkarteak. Mikel Irastorzak, adibidez, horri esker ukan zuen bizitokia eta lan kontratua baldintzapeko askatasuna lortzeko bidean.

Biziko detaile bakoitzean

Maiz, kartzelatik atera eta gauzak ez dira errazagoak izaten. Gramont, konparazione, sekuritate soziala lortzeko hilabeteak borrokatu behar izan da. Aratz Gomez, berriz, Pôle Emploi lanaren agentziarekin izan ditu arazoak. "Burokrazioa anitz bada, Pôle Emploirekin, asurantzarekin, bankuarekin eta hor, jada, behar duzu laguntza. Supermerkatu batekin konparatzen dut : supermerkatuan sartzen naiz eta ez dakit nun diren gauzak ezta nori galdetu, ez dakit nondik jo behar dudan", aitortzen du Gomezek.

Aldaketa biziko detaile bakoitzean sentitzen du Lorentxa Guimonek, baita heltzen zaizkion soinuetan ere bai. Pertsona batekin mintzatzen ari dela, inguruko soinu berri bakoitzak erakartzen dio arreta, deskubritzen balitu bezala. Beste gauza batzuetaz ere ohartzen da : ez ditu pertsonak benetan ezagutzen. Norbera bere buruarekin eta bere ingurumenarekin bat etortzeko, hari sendoz lotzeko, dendari lana egiten du Harrerak.


Filmaren aurkezpen datak :

Ekainaren 7a, Hazparnen, Xuriatean, 19.00etan.

Ekainaren 8a, Saran, herriko etxean, 19.00etan.

Ekainaren 12a, Kanbon, Larrazkena gelan, 19.00etan.

Ekainaren 15a, Ziburun, Baltsan, 19.00etan.

Ekainaren 17a, Donibane Garazin, Gaztetxean, 18.30ean.

Ekainaren 20a, Azkainen, Biltokin, 19.00etan.

Ekainaren 21a, Baigorrin, Bixentainean, 19.00etan.

Ekainaren 22a, Uztaritzen, Lapurdi gelan, 19.00etan.

Ekainaren 28a, Maulen, Zinkan, 19.00etan.

Ekainaren 29a, Hendaian (tokia eta ordua zehaztekoak).