Kazeta

Euskoa: akordio bat lortu dute Baionako Herriko Etxeak eta prefetak

Badirudi Baionako Herriko Etxea eta Pirinio Atlantikoetako prefetaren arteko kalapita judiziala bukaerara ailegatu dela. Euskoekin ordaindu ahal izateko hitzarmenari buruzko akordio bat lortu dute bi aldeek.

Eusko Egunaren ospakizuna Baionan. ©Isabelle Miquelestorena
Eusko Egunaren ospakizuna Baionan. ©Isabelle Miquelestorena

Badira hilabeteak auzitegietan jorratzen duten afera bukaerara ailegatzekotan litzateke. Ordainketak Euskoetan egin ahal izateko Baionako Herriko Etxea eta elkartearen arteko hitzarmenaren kontra jo du behin eta berriz prefetak. Azkenean, Herriko Etxea eta Gilbert Payet prefeta akordio bat lortu dute.

Herriko Etxeak hitzarmenaren zati bat aldatzeko engaiamendua hartu du. Hori dela eta, Payetek hitzarmenaren funtsaren kontrako helegite bat ez aurkeztea erabakiko luke. Gainera, Jean-René Etchegarayk Estatu Kontseilua jotzeko aukera baztertzea erabaki du.

Hitzarmenaren aldaketa formari dagokio, ez ordea mamiari. Aldaketa hori bozkatuko dute Baionako Herriko Etxeko hautetsiek ekainaren 5an iraganen den kontseiluan. Jean-René Etchegaray auzapezak "gastuak" atalean erabili diren termino batzuen aldaketa aurkeztuko die hautetsiei. Gisa horretan, Euskal Monetak ez du kontulari publikoaren funtzioa izanen, Estatuak beldur zuen bezala. "Hitzarmenaren mamiari dagokionez, egin nahi genuena aitzina eramaten ahalko dugu", baieztatu du auzapezak.

Hasieran aurreikusia zuten bezala, hiriko hautetsiek, elkarteek zein enpresek Herriko Etxearen ordainketak Euskoetan jasotzen ahalko dituzte. Halaber, diru laguntzak, fakturak eta gastuak ere tokiko monetaren bidez ordaintzen ahalko dira ere.