Xan Idiart

Formula zahar berria Xilabarentzat

Banaka ez, baizik eta taldeka iraganen da Ipar Euskal Herriko bertso txapelketa aurten. Urri erditsuan hastekoa da, eta maiatzaren 31era arte dute taldeek izena emateko.

Hamabost bertsolarik parte hartu zuten 2016an Xilaban.
Hamabost bertsolarik parte hartu zuten 2016an Xilaban.

"Izugarri ontsa pasatuko da", dio Xumai Muruak irriz. Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakaria dena fidakorra da datorren Xilabari begira. Aurten, lehen ez bezala, taldeka ariko dira "parte hartzaileak" eta ez banaka Ipar Euskal Herriko bertso txapelketan.

Ontsalaz, bost pertsonek osatuko dute talde bakoitza. Gai emaile eta antolatzaile bana ukanen dutelarik, beste hiruek bertsolari gisa jardunen dute taula gainean. Haatik, "malgutasun handia" dutela ziurtatu du Xumai Muruak. Talde batek lau pertsona baldin baditu adibidez, ez dietela parte hartzeari uko eginen azaldu du.

Finala abenduaren lehenean jokatuko dute, eta bertan hiru talde baizik ez dira sailkatzen ahalko. Urri erditsuan hastekoa da txapelketa, justu Hernandorena sariketaren ondoren. Dagoeneko hamar taldek dute izena emana, eta maiatzaren 31era arte dute besteek aintzat egiteko Bertsulari Lagunak elkartearekin harremanetan sartuz.

"Bikoizten du bertsotan ari direnen kopurua"

"Formula berria ez da hain berria" azaldu nahi du hala ere Xumai Muruak. "Jadanik existitzen da taldekakoarena bertsolaritzaren munduan Euskal Herriko beste hainbat tokitan. Guk gure lurraldera ekarri dugu bakarrik."

Gaur, taldekako formulak banakakoan hunkitzen ez zuen jendea mugiarazten duela uste du azken urteetan Xilabako finalean izan ohi denak. "Bikoizten du bertsotan ari direnen kopurua". Aitzineko formulara itzuliko dira berriz 2020an Bertso Txapelketa Nagusirako sailkatuko diren hiru bertsolariak zeintzuk diren jakiteko. Anartean 50 bat pertsona prestaketa lanean dabil heldu den udazkenerako.