Iurre BIDEGAIN

Proiektu deialdi bat EHZ festibala berrasmatzeko

Herriz herri gogoeta fasea burutu eta, proiektu deialdi bat antolatu du EHZ elkarteak. Egitasmoak proposatu nahi dituen orok ekainaren 15era arteko epea du. Irizpide batzuk kontutan hartuz, era parte hartzailean, etorkizuneko ekimenari forma emanen diote parte hartzaileek.

Agerraldi jendetsua egin zuten EHZren antolatzaileek Lekornen. (Bob EDME)
Agerraldi jendetsua egin zuten EHZren antolatzaileek Lekornen. (Bob EDME)

EHZ festibala berriz definitzeko xedez, elkarteko kideek sei bat herri bisitatu dituzte azken hilabeteetan. Antolaturiko bilkura publikoetan jendearen usteak bildu eta horiei buruzko irakurketa bat egin du erakundeak. Pauline Guelle EHZ elkarteko kideak azaldu duenez, plazaratutakotik bi ondorio nabarmendu dituzte. Alde batetik, "euskaldunen eta erdaldunen arteko zatiketa gainditzeko beharra". Bestalde, "hiru egun ez direla aski alternatiben eraikuntzan urrunago joateko".

Egindako barne-diagnostikoa kontutan hartuta, proiektu deialdi bat antolatzea erabaki du EHZk. Laguntzaile zein norbanakoek irizpide zehatz batzuk kontutan hartuz beren proposamenak helarazten ahalko dituzte emailez (kontakt@ehz-festibala.eu) ekainaren 15era arte.

Irizpide horiek argitu ditu Guellek: nola? (zein baliabideekin), noiz? (festibalaren iraupena), nun? (gune bakar batean edo anitzetan), kokapena? (zein herritan) eta nork? (EHZk berak edo beste elkarte batzuen laguntzaz). Hiru lagunek azaldu beharko dute proposamena orri eta erdi batean.

"Proiektua eraikitzeko jendarteari deialdia helarazteak EHZ bera parte hartzaileagoa bilakatzen du. Parte hartzeko aukerak indarra ematen dio proiektuari eta hori egitasmoa bera sendotzeko baliagarria izanen da", azpimarratu du gazteak.

Parte hartzeko deia

Ekainaren 2an proiektua lantzeko parada eskainiko du EHZk Hazparnen antolaturiko bilkuran. Ondotik, aste batez, erakundeko kideek proiektuak jaso eta irakurriko dituzte. Irizpideak kontutan harturik, proposamenen aukeraketa burutuko dute. Ekainaren 23rako antolatu duten biltzar nagusian "formatuaren erabakitze prozesuari" eutsiko diote. "Ongi litzateke jendea biltzea eta hala izatea espero dut", erantsi du.

Urte honetan bizitakoari buruz galdegitean, prozesua "oso interesgarria" dela aitortu du Pauline Guellek. "Dena zerotik hastea da, baina lortu dugun esperientzia hor dago. Hogeita bi urtez egin dena kontutan hartuz, proiektua lurraldean berriz kokatu behar dugu", aipatu du.