Kazeta

Peio Serbielle eta beste hiru auziperatuak ez dira presondegira joanen

Parisko Auzitegiak prokuradoreak eskatutako baino zigor apalagoak agindu dizkie Peio Serbielle, Maryse Lavie eta Didier zein Robert Arricauri. Hain zuzen ere, hiru ta bost urte arteko kondenak ezarri dizkie, baina ez dute berriz ere presondegira sartu beharko.

Peio Serbielle epaitegira sartu baino lehen.
Peio Serbielle epaitegira sartu baino lehen.

Atzo eta herenegun epaitu zituzten Parisen Peio Serbielle musikari xiberotarra, Didier eta Robert Arricau eta Maryse Lavie biarnotarrak, 2004an egindako polizia operazio baten ondorioz. 1999tik 2004ra "enpresa terrorista batekin lotura duen gaizkile talde baten kideak izateagatik" epaitu dituzte, Marixol Iparragirre eta Mikel Albisu gorde edo laguntzea leporatuta, Naiz atariak azaldu duenez.

Epaia gaur eman dute eta kondenak fiskalaren zigor eskaerak baino apalagoak izan dira. Hala, Serbielleri bost urteko kartzela zigorra ezarri diote, baina horietatik 42 hilabete betetzeko beharrik gabe.

Robert Arricauri ere urte kopuru bera ezarri diote, horietatik lau betetzeko beharrik gabe. Maryse Laviek lau urteko espetxe zigorra jaso du, horietatik 42 hilabete bete gabe, eta Didier Arricauk hiru urteko kondena, betetzeko beharrik gabe.

Horrenbestez, aurretik ere preso egon ziren denbora kontuan hartuta, ez dute berriro kartzelan sartu beharko.

Epaileek Serbielleri, Didier Arricauri eta Maryse Lavieri 2.500 euroko isuna ere ezarri diete, bakoitzari.

Epaiketan defentsak prozeduraren atzerapena salatu zuen –hamalau urte beranduago– eta auzipetu biarnotarrek euskal militanteak hartu izana onartu zuten. Serbiellek egungo momentu historikoarekin bat egiteko eskatu zion epaileari.