KAZETA

Euskal zinema sustatzeko sortua

Gastibeltza Filmak deitzen da eta euskal zinema ekoitzi eta banatzeko xedearekin sortu dute. Josu Martinez, Ximun eta Manex Fuchs, Eñaut Castagnet eta Katti Pochelu dira egitasmo horren gibelean. Euskal zinemari bultzada bat eman nahi diote, egitura finko bat sortuz garapen ekonomikoa ahalbidetuko duena. Urtean hiruzpalau film banatzea eta bizpahiru ekoizpenetan parte hartzea dute xede.

Banaketa alorrean, Ipar Euskal Herrian eta frantziar Estatuan euskal zinemari tokia egitea dute xede Gastibeltzako kideek. © Isabelle MIQUELESToRENA
Banaketa alorrean, Ipar Euskal Herrian eta frantziar Estatuan euskal zinemari tokia egitea dute xede Gastibeltzako kideek. © Isabelle MIQUELESToRENA

"Momentu inportantea da Ipar Euskal Herrian, lehen aldiz historian hainbat baldintza betetzen dira eta zinema egiteko aukera zabaltzen ari da. Egiturak sortzea da gure asmoa, baldintzak ematea euskal zinema egiteko", baieztatu zuen Josu Martinezek, sortu berri duten Gastibeltza Filmak enpresaren inguruan. Ximun Fuchsek gaineratu zuen: "Lurraldeko abentura bat sortzearen pretentsioa dugu. Pozgarria da zerbait zerotik hastea, dena egiteko dagoen esparru batean, eta beharko dugu jende guztiaren laguntza".

Euskal zinemaren ikuspegi orokorretik baliabideak eta ezagutzak metatzearen garrantzia azpimarratu zuten. "Elkar elikatzeko manera da, Hegoaldekoekin lan eginez, beraien esperientziatik ikasten dugu, gure errealitateari egokituz. Eta guk Frantzian eta hemen filmak banatzeko dugun esperientziaz baliatzeko parada ematen diegu", azaldu zuen Katti Pocheluk. Jarrian, honakoa gaineratu zuen: "Hegoaldeko ekoizpenentzat Iparraldeko banaketarako erreferente izan nahi dugu".

Ekoizpenak egiteko asmoa dute, eta, banaketa mailan, Euskal Herrian eta Estatu frantsesean euskal zinemari tokia egitea dute xede, "Glocal Cinema"-ren bidetik, mundu zabaleko hainbat xokoetara iristeko asmoarekin. Hango zine sorkuntzak gurera ekartzea ere bai. "Zinema ere beharrezkoa da lurralde batek bere nortasuna definitzeko, nortasuna garatzeko bere ugaritasun handienean, eta, horretarako, esparru ekonomikoa sortu behar da", esan zuen Fuchsek Gara egunkariak jaso duenez.

Proiektu eraikitzaileak

Gastibeltza publiko egin aitzin lanean aritu dira ia urtebetez, hori dela eta, jadanik hainbat proiektu abian dituzte. Lau dira publiko egin dituzten film egitasmoak. Egitura berriaren sorreran bertan dagoen “Non” filmaren banaketa da ziurtatuko den lanetako bat. Castagnetek eta Ximun Fuchsek 2017an aurkeztu zuten obraren hedapenak enpresa berriaren oinarriak jartzen lagundu duela azaldu zuen Martinezek: «Filma Frantzian banatuz esperientzia bildu dute, eta gauza asko ikasi dituzte". Pocheluk, zentzu horretan, honakoa azaldu zuen: "Filma 48 zinema gelatan aurkeztu da, bidea egiten hasiak gara, eta hobeki ezagutzen ditugu [frantziar Estatuko] sareak".

Irailean estreinatuko den “Gure oroitzapenak” filmarentzat Ipar Euskal Herrian egin diren filmaketak kudeatu dituzte, eta Pirinioen iparraldeko banaketa ere beren gain hartuko dute. Inplikazio maila berarekin ari dira lanean “Lezo: amets kontrabandista” dokumentalarekin. Lezo Urrestietaren bizitza ezagutzea proposatuko duen obra Donostiako Tentazioa Produkzioekin batera ekoizten ari dira.

Gaia Euskal Herria duen dokumental frantses batean parte hartzea ere erabaki dute: "L’Hypothèse démocratique". Delibero horren atzean enpresak duen filosofia atzematen da, izan ere, euskal zinema garatzea xede nagusi badute ere, bestelako produkzioetan engaiatzeko parada ez dutela baztertzen baieztatu zuen Fuchsek: "Beharrezkoa iruditzen zaigu kanpoko lan bat heltzen bada gure lurrera, aktiboki parte hartzea, bideratzeko bertan egiten duten errelatoa, panorama pixka bat zabaltzeko". Thomas Lacoste sortzaile ezagunaren dokumental horrek euskal gatazkaren historia kontatzen du irakurketa geopolitiko berri batekin, Gerra Zibiletik ETAren desegitera arte. 2019an estreinatuko den dokumentalaren banaketa ere eginen dute.

Oraingoz aipatu egitasmoak soilik eman dituzte ezagutzera, baina beste batzuk ere lantzen ari direla ziurtatu zuen Fuchsek: "Hurrengo hiruzpalau urteetarako proiektu ugari ditugu garatzeko. Enpresa sortu aurretik izan dugu eskaera eta jada ezin ditugu proiektu gehiago hartu. Eskaera mailan, gu bezalako beste hiruzpalau enpresa gehiago sortu ahalko ziren".
 


"Gure oroitzapenak", postprodukzioan

Joseba Sarrionandiaren obra poetikoan oinarrituta Euskal Herriko eta nazioarteko hamabi zinemagile osatzen ari diren “Gure oroitzapenak” film kolektiboa postprodukzio fasean dago jada. Bilboko Adabaki ekoizpenekin batera lanean ari da Gastibeltza. Filmeko sortzaileetako bat izateaz gain, Ipar Euskal Herriko enpresaren izenean lanean ari da Josu Martinez: "Oso film konplexua da, herrialde ezberdinetako hamabi zinegileren piezek bat egin behar dute. Puzzlea osatu nahi horretan ari gara orain". Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Fermin Muguruza, Itziar Leemans, Oskar Alegria, Maialen Sarasua, Ane Muñoz, Maider Oleaga eta Josu Martinez euskaldunekin batera, Eugene Green estatubatuarrak, Ozcan Alper turkiarrak eta Carlos Quintela kubatarrak egingo dituzte filmeko istorioak.

Irailean estreinatuko den obra Ipar Euskal Herrian ikusi ahalko dela ziurtatu zuen ekoizleak, baina Estatu frantsesean ere hedatuko duten, unean deliberatuko dutela erran zuen: "Jakinda euskal idazle baten unibertsoa dela, interesa lortu behar da Euskal Herritik kanpo ere". I.E.