Kazeta

Migrazioaren gaia aipagai Hazparneko Kultura astean

Kultura astea antolatu du Eihartzea elkarteak Hazparnen maiatzaren 28tik ekainaren 3ra. Migrazioa aipagai izanen dute dokumental, kontzertu eta hitzaldien bidez.

Anari Alberdik Hazparneko kultur astean parte hartuko du. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Anari Alberdik Hazparneko kultur astean parte hartuko du. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Eihartzea Kultur elkarteak migrazioaren gaia landuko du maiatzaren 28tik ekainaren 3ra iraganen den Kultura astean. XIX. mendetik aitzina Euskal Herrian bizitako egoeratik abiatuta, gaur egungo egoeraren irakurketa eginen dute hainbat animazioren bitartez. "Migrazioaren mota anitzetako erakutsi, lekukotasunak eta gogoetak" plazaratuko dituzte, hain zuzen.

Unax Blancok zuzenduriko "Zuk" dokumentalak hasiera emanen dio egitarau sakonari. Ikus-entzunezko lan horrek etorkinen alde lan egiten duten lau lagunen lekukotasunak bildu ditu. Maiatzaren 30ean Argitxu Camus ikertzaileak hitzaldi bat eskainiko du Elgar zentroan: "Euskal emigrazioa: emazteak ere joan ziren".

Ostiralean, musikari lekua eskainiko diote programan. Anari eta Kolinga taldea elizaberriko kaperan egonen dira 20.00etatik aitzina. Biharamunean, goizean iraganen den sukaldaritza tailerraren ondotik, Etorkinekin kolektiboak mahai-inguru bat antolatu du. Hitzorduan, Europa eta Estatu frantseseko emigrazio politikak aipatuko dituzte parte hartzaileek.

Natura ibilbide batek bukaera emanen dio egitarauari. Elizabarriko kaskora igo eta Iker Elosegi hazpandarrak lekuko zuhaitz, landare eta txoriei buruzko informazioa eskainiko du.