Kazeta

Peio Serbielle kantaria eta beste hiru pertsona epaituak Parisen

Kantari xiberotarra eta beste hiru pertsona epaituko dituzte maiatzaren 22tik 23ra Parisko delituen auzitegian. "Helburu terroristadun gaizkile taldeko kide" izatea leporatzen die justiziak. Epaiketa operazioa burutu eta hamalau urte berantago iraganen da.

Peio Serbielle hamasei hilabetez preso egon zen garaian. © Bob EDME
Peio Serbielle hamasei hilabetez preso egon zen garaian. © Bob EDME

Herrarik ez du sentitzen, baina haserre dago. Horrela sentitzen da Peio Serbiellle kantari xiberotarra Parisko epailearen aitzinetik pasa baino lehen. Berarekin batera, Robert eta Didier Arricau zein Maryse Lavie epaituko dituzte astearte eta asteazken hauetan. Hamalau urte pasa dira leporatzen dizkieten gertakariez geroztik. Lehen saioa egun abiatuko da 13.30ean.

2004ko urriaren 3an iragan zen operazioa ETAren kontrako "kolpe gogor" bat bezala aurkeztu zuten Estatu frantses zein espainiarrek. Orotara, hamazazpi pertsona atxilotu zituzten. Horien artean, Mikel Albisu eta bere bikotea den Marixol Iparragirre.

Gaur egun, Reauko presondegian atxilotuak dira eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) bozeramaileak dira. Hain zuzen ere, Albisu eta Iparragirrek Max Brisson eta Vincent Bru diputatuekin elkartzeko parada izan zuten espetxe biraren karietara.

"Lof" zuritua

Serbielle, Lavie eta Arricau anaiei "helburu terroristadun gaizkile taldeko kide" izatea leporatzen die justiziak. Alde batetik, ETAko zuzendaritzako kideei bilkurak bere Domintxineko etxean egiteko parada eskaini izana leporatzen diote Peio Serbielleri. Hamasei hilabetez preso egon eta, baldintzapeko askatasuna eskaini zioten 2006an.

Bestalde, Didier Arricau eta Maryse Lavie Mikel Albisu eta Marixol Iparragirreri alokatutako etxearen jabeak dira. Azkenik, Robert Arricauri bere anaia eta ETAko kideak harremanetan jarri izana leporatzen diote.

Operazio beraren harira Jean-François Lefort, "Lof", atxilotu zuten. Askatasuna mugimenduko bozeramailea urte batez preso egon zen. Hamahiru urtez kontrol judizial pean egon ondotik, 2007an auzigabetu zuen justiziak.