Iurre BIDEGAIN

Larrunen alde mobilizatuak eta bide beretik segitzeko prest

Larrun 2022 proiektuaren kontra mobilizatzen segitzen du Larrun Ez Hunki kolektiboak. Maiatzaren 21n San Inazio geltokian antolaturiko protesta batek hasiera eman dio ondoko hilabeteetan prestatu nahi duten ekimen sortari. "Lehenengo deiadarra" baizik ez dela izan nabarmendu du taldeak.

Larrun 2022 proiektuaren kontra mobilizazioa antolatu zuen kolektiboak maiatzaren 21ean. ©Larrun Ez Hunki
Larrun 2022 proiektuaren kontra mobilizazioa antolatu zuen kolektiboak maiatzaren 21ean. ©Larrun Ez Hunki

Giro alaitsuan bere jarrera berretsi du Larrun Ez Hunki kolektiboak maiatzaren 21n. Sarako "Mari" zigantearen begiradapean, dantzariak eta bertsolariak manifestariekin bildu ziren San Inazio geltokiaren atarian. Larrun 2022 proiektuaren kontra jotzeko sorturiko taldeak bere helburua zein den beste behin argi utzi nahi izan zuen: Larrun mendiaren babesa.

Pertsona andana bat elkartu ziren 10.30ak aldera Lapurdiko mendiaren magalean. Kolektiboko kideek parada baliatu zuten esku-orriak banatu eta zabaldu duten eskariaren berri emateko. Internet eta eskura banatzen ari diren eskari horrek 11.500 lagunen babesa lortu duela erran du Ellande Alfarro Larrun ez Hunki elkarteko kideak.

Kolektiboak jarrera argia du. Hots, gailurra eta trenaren itxura berritzeko proiektua berrikusia izatea aldarrikatzen du. "Tokia turistikoagoa bilakatzeko ahalmenik ez ematea galdegiten dugu. Kaskoan eraikuntza berririk ez burutzea nahi dugu", azaldu du Alfarrok.

Berririk ez, bilkurarik ez

Badira hiru aste antolaturiko prentsaurrekoan erran bezala, departamenduko kontseiluarengandik berririk ez izatea deitoratu du kolektiboak. Jean-Jacques Lasserre departamenduko kontseiluko lehendakariak jadanik bi bilkura antolatu dituztela argi utzi nahi izan du zabaldutako agiri batean.

Kolektiboak, bere aldetik, hunkituak diren herriko hautetsiengana joaten segitzen du. "Hautetsiek batzuetan guk baino gutiago dakite eta guk diegu berri ematen", erantsi du. Alfarroren erranetan, departamenduko kontseiluak ez du jarrera aldatzeko borondaterik.

Alderantziz, proiektua aitzinatzeko urratsak ematen ditu, adibidez: ingurumenean eragina aztertzeko ikerketa abiatu du eskualdeko enpresengan. "Teknikariek elkar ikustea proposatu digute. Guk ez ditugu teknikariak ikusi nahi. Hautetsiekin elkartu nahi dugu afera politikoa baita", gehitu du.