Iurre BIDEGAIN

Lapurdiko Arraun Taldea denboraldi berrirako prest

Emazte eta gizonezkoen taldeak aurkeztu ditu Lapurdiko Arraun Taldeak maiatzaren 18an. Lehen aldiz neskek trainerua aterako dute Lapurdiko koloreak defenditzeko. Mutilei dagokienez, iazko emaitza ederrak hobetzeko asmoarekin datoz.

Lapurdiko Arraun Taldeak bere partaideak aurkeztu ditu maiatzaren 18an. ©Bob EDME
Lapurdiko Arraun Taldeak bere partaideak aurkeztu ditu maiatzaren 18an. ©Bob EDME

Badira bi urte gizonezkoen Lapurdiko Arraun Taldea (LAT) sortu zutela eta jada KAE 1 ligara igotzea lortu dute kirolariek. Aurten, emazteek trainerua ateratzeko parada izanen dute lehen aldiz. "Ohore handi bat" da Ur Joko klubeko presidentea eta LATeko presidenteetariko bat den Bixente Etxegaraientzat.

Nesken taldea osatzen duten hamazazpi kideak zein mutilena osatzen duten 20 bat kirolariak aurkeztu zituzten maiatzaren 18an Donibane Lohizunen antolatutako ekimenean. Lehendakariak azaldu duenez, hamazazpi urtetik hogeita lau urtera dituzten parte hartzaileak %100ean Lapurdikoak dira.

Bi taldeen egitasmoei buruzko xehetasunak plazaratu zituzten aurkezpenean. Berrikuntza nabarmena emazteen taldearen sorrera izan da. "Urritik hona prestatzen ibili dira. Haien helburua emazteen ligan parte hartzea da", aipatu du.  Kirolari kopuru tipiarekin hasi zuten taldea eta denboraldia hasi arte kopuru hori mantentzea "zailena" izan dela aitortu du lehendakariak.

Iaz lorturiko emaitza politak hobetzeko asmoekin abiatuko du denboraldi berria gizonezkoen taldeak. Oroitarazi behar da hamasei estropadetatik hamabi irabazi zituztela. "Iazko maila ez da aski izanen aurten ongi ibili eta lekua mantentzeko. Iazko maila hobetu beharko da eta hori da gure helburua", azaldu du Etxegaraik.

Zaletasuna piztu

Presidentearen erranetan, arraunketa Lapurdin aski ezaguna ez den kirola da. Gainera, kirol horrek eskatzen duen denbora kontutan hartzekoa dela dio. "Emazteen taldearen kasuan, iazko urritik, astean bost gauez elkartzen dira entrenatzeko", erantsi du.

"Ageri da giro bat pizten ari dela. Giro horrek etorkizun polita izaten ahalko luke baldin eta arraunlari kopurua bermatzen lortzen badugu ondoko urteetan", erantsi du. Bere ustez, horrek du definituko proiektuaren etorkizuna. Iaz lorturiko emaitzei esker zein Lapurdiko lurraldearen proiektua izateagatik, zaletasuna piztu dela uste du. Jendearen aburuz, "proiektu eredugarria" da. Haatik, Ipar Euskal Herrian, gaur egun, arraun eskola bakarra dago. Gazteen formakuntza garatzea etorkizunerako erronka gisa finkatu dute.