Kazeta

Euskara eta euskaldunen eskubideak ziurtatzeko dokumentua

Donostiako protokoloa oinarritzat hartuz, euskararen komunitatearen eskubideak bermatuak izan daitezen Protokoloaren Euskal Herriko garapena ondu dute 80 eragilek.

Hizkuntza Eskubideen Protokoloaren Euskal Herrirako dokumentua aurkeztu zuen Kontseiluak Donostian. (FOKU)
Hizkuntza Eskubideen Protokoloaren Euskal Herrirako dokumentua aurkeztu zuen Kontseiluak Donostian. (FOKU)

Protokoloaren Euskal Herriko garapena. Izen hori darama 80 gizarte eragilek ondu duten dokumentuak. Kontseiluak aurkeztu zuen maiatzaren hasieran eta 2016ko Donostiako protokoloa du oinarri.

Dokumentuaren barnean, Euskal Herrian hizkuntza eskubidea bermatzeko sei esparru identifikatu dituzte: administrazioa, hezkuntza, eremu sozioekonomikoa, kultura, hedabideak eta ingurune digitala, eta onomastika. Euskara hizkuntza ofiziala izatea eskatua da bertan, baita ere euskal kultura legez babestea izatea. Bestalde, egileek eskatzen dute helduek ez ordaintzea euskara ikasteko kurtsoak. Irakaspen doako baten apustua egiten dute. Orotara 185 neurri daude.

Ipar Euskal Herriari dagokionez ez dira neurri guztiak betetzen ahal. Baina Herri Elkargoak protokoloaren berri ukan duela ziurtatu du Haizpea Abrisketa koordinatzaileak. "Protokoloa lan tresna bat da, ikusteko bakoitzak zer egiten ahal duen euskararen hizkuntz komunitatearen eskubideak bermatzeko". Asmoa lukete orain, ikustea herriz herri zer egin daitekeen. Herri Elkargoan berriz, administrazio mailan euskara susta dezakete hautetsiek aurten bozkatu beharko duten hizkuntza politikan.

Oroitarazteko, Protokoloaren Euskal Herriko garapena zeinaren gainean oinarritua den Donostiako protokoloa munduko beste hainbat tokitara hedatua da. Hala nola, Korsikan oinarritzat hartu zuten ere 2017ko udan. Europako hizkuntza gutxituak babestea eta haien aldeko hizkuntza politikak jartzea hizkuntza eskubideak segurtatzea du helburu.