Iurre BIDEGAIN

Anita Lopepe: “Baldintza hobeagoen garaia izanen dela espero dugu”

ETAren erabakia pozgarria iruditzen zaio EH Bai mugimenduko bozeramailea den Anita Lopeperi. Bere aburuz, urrats inportanta da. Etorkizunari begira, mugimendu abertzalearen helburua testuinguru lasai bat izatea da bakoitzak bere ideia politikoak defenditu ditzan.

Anita Lopepe EH Baiko mugimenduko bozeramaileak ETAk harturiko erabakiaren garrantzia azpimarratu du Kanboko Arnaga etxean iragan zen nazioarteko topaketan. Espero du frantziar Gobernuak testuinguru berria kontutan hartuko duela bake prozesua aitzinarazteko.

EH Bairi ezinbestekoa iruditzen zaio akordioak lortzea "gatazkaren ondorio guztiak behin betiko gainditzeko". Lopepek azpimarratu duen bezala, Pariseren aburuz, borroka armatua argumentu bat zen. Hots, ETA oztopo bat zen. "Orain, ikusi beharko dugu aitzakia zenez edo benetako arrazoi bat zenez. Halaber, lurralde honetatik egiten diren eskakizunak ez entzuteko, Parisek beste arrazoirik duenez ere ikusi beharko dugu".

Abertzalearen iritziz, testuinguru berriak eta ETAren erabakiak bake prozesua zein euskal presoen hurbilketa bezalako gaiak zalutzeko baliagarriak izan behar dira.