“Europa osorako egun historikoa”

Nazioarteko topaketa iragan da goiz honetan maiatzaren 4ean Kanbon, ETAren desagertzearen egunaren biharamunean.  Arnagako adierazpena adoptatu dute bertan ziren eragile guztiek bakea berresteko asmoz.

kazeta|2018/05/04 13:55|0 iruzkin
Loading player...

Irati Agorriaga Cuevas 21 urteko emakume gernikarrak irakurri du Arnagako adierazpena euskaraz Kanbon goiz honetan nazioarteko topaketan. Aietetik hona, beste sinbolo bat. "Zauriak sakonak" direla eta "komunitatea zatikatua dela" dio adierazpenak. ETAren desagertzeak komunitate partekatu bat ahalbidetu dezan nahi du.

Gatazkaren bi aldeak adostu behar direla konponbiderako aldarrikatzen du. "Bakea eraikitzeak elkarrizketa eskazen du aktore politiko nagusien artean." Kartzelaratzea ez dela soluzio bat dio adierazpenak. Bi aldeetako konpromiso bat eskatzen du. Oroitarazten du Aieteko adierazpenetik goiti aitzinamenduak izan direla baina eskaera batzuk ez direla beteak izan, horien artean presoen egoera. "Bide luzea dago egiteko oraindik."

Mexikoko auzapez ohia den Cuauhtèmoc Cardenasek espainiolez irakurri du ondoren adierazpena. Ingelesez Jonathan Powelek (Tony Blairen kontseilari ohia) eta frantsesez Michel Camdessusek, FMIko zuzendari ohiak.

Delegazioak eta eragileak txandaka etorri ziren goizean Arnagara. Jean-René Etxegaray Euskal Elkargoko presidentea eta Vincent Bru diputatuak abegi egin zieten guztiei. Besteak beste, Gerry Adams (Sin Féinneko presidente ohia) Raymond Kendal (Nazioarteko harreman talde kidea) eta Berthie Ahern (Irlandako lehen ministro ohia) presente ziren Kanbon nazioarteko topaketari hasiera emateko.

Brian Currin Nazioarteko Harreman Taldearen izenean mintzatu da Arnagako deklarazioa baino lehen. ETAren disoluzioa Geneban "oso garrantzitsua dela" erran du. "Ospatzeko eguna" dela ere adierazi du, bakearen aldeko beste urrats bat. Arnagako deklarazioaren eguna euskaldun guztientzat dela uste du.

Kanboko Herriko Etxearen izenean mintzatu da Peio Etxeleku hautetsia. Udalak bakea sustengatzen duela erran du, eta topaketa errezibitzea harro dela ziurtatu du. Ideia hori berretsi dute ondoren Vincent Bru eta Jean-René Etchegarayk. Gizarte zibilaren errola ETAren desagertzean oroitarazi du batez ere Baionako auzapezak.

Gerry Admas euskaraz hitz egiten saiatu da. Irlandako gatazkaren konponbidea gogora ekarri du. Bakea eraikitzea etsaia hiltzea baino zailagoa dela aldarrikatu du.  Kofi Anannen izenean mintzatu da Michel Camdessusek. "Egun historikoa bizitzen ari gara. Europa osoan ospatzekoa da."

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK