KAZETA

ETAk bere egitura guziak desegin ditu

Bere egiturak deuseztatu dituela baieztatzeaz gain, bere ekinbide politikoa "bukatutzat jo" duela iragarri du erakundeak ostegun honetan publiko egin duen, eta KAZETAk eskuratu duen, adierazpen batean.

ETAren azken adierazpena.
ETAren azken adierazpena.

"ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da." Horrela bukatu du bere adierazpena ETA erakunde independentistak. Lau hizkuntzetan idatzia eta Josu Urrutikoetxea eta Marixol Iparragirre militante historikoen ahotsekin grabatua, horrela eman du bere ibilbidearen bukaeraren berri maiatzaren 3, osteguna, honetan.

Arratsalde honetan, Suitzako Geneban, nazioarteko diplomazian eta gatazken konponbidean ari diren eragileen aitzinean irakurri da adierazpena. Duela zenbait egun, nazioarteko beste eragile batzuek ikusi zuten Urrutikoetxearen bideoa eta haien onespena emanez, gaurko Genebako eta biharko Kanboko ekimenei ere onespena eman zieten, Naiz weborriak plazaratu duenez.

Ingalaterrako BBC kateaz gain, beste hedabide zenbaitzuri helarazi dizkie dokumentuak. Horien artean dago KAZETA. Felix Likiniano herbesteratutako anarkistak zizelkatu zuen irudia azkenekoz ageri da dokumentuaren gainekaldian ; ondotik heldu den izenburuak ez du dudarik sortzen horren gainean.

"ETAk Euskal Herriari, azken adierazpena" izenburupean, idazkiak erakundearen egitura guztiak erabat deseginak direla eta bere ekinbide politikoa bukatutzat jo duela iragarri du. Hots, erakundeak ez duela gehiago ezertarako hitza hartuko baieztatu du. Eta gaineratzen du: "ETAko militante izandakoek beste eremu batzuetan jarraituko diote Euskal Herri bateratu, independente, sozialista, euskaldun eta ez patriarkalaren aldeko borrokari, norberak egokien irizten dion tokian".

Barne mailan azken hilabeteetan izandako gogoetaren ondorioa da erabaki hori. "ETAko kidegoak Erakundearen ziklo historikoa eta funtzioa amaitutzat jotzeko proposamena berretsi" duela dio adierazpenak. Lehenago ere, 2011n ekintza armatuak behin betirako bazterrean uzteko hautuaren segida.

"Biolentzia politikoaren erabilerak ezaugarritu duen aroa" gibelean utzi nahi duela idatziz segitzen du. Baina Estatuen aurkako jarrera deitoratu du: "Estatuek tematuta segitzen dute gure herria aurreko ziklo horretan kateaturik mantentzeko, konfrontazio politiko soilean duten ahultasunaz jakitun".

Joko arau demokratikoetan euskal Estatuaren lorpena borrokatzeko prest agertu da erakundea. Nazioaren aitortza eta erabakitzeko eskubidearen bidez lortzeko xedea du. Gisa berean, gatazkaren ondorioen baina gatazkaren jatorriaren konponbidea ere ekarriko lukeen fase batetaz ari da. Eta, dio, "erdietsi nahi [duen] fase historiko berri horren mesedetan hartu" duela azken erabakia.  "Jo ta ke independentzia eta sozialismoa lortu arte !" batekin egin du agurra ETAk. Lema hori, ez da segur azken aldiz ikusiko denik.