Kazeta

Ikastola bat irekitzea aztertzen ari dira Ahetzen eta Arbonan

Seaskak eta Ahetzeko auzapeza den Phillippe Elissaldek baieztatu dute elkarrekin lanean ari direla herrian ikastola bat irekitzeko. Oraingoz, ez dute datarik finkatu. Arbonako Herriko Etxeak ere ikastola bat irekitzeko borondatea adierazi zuen, baina Marie-José Mialocq auzapezaren erranetan "Ahetzeri lekua uztea" nahiago izan du. Seaskak bi herrietan zentroak irekitzea nahiko luke.

Seaskaren aburuz beharrezkoa da bi herrietan ikastolak irekitzea. ©Seaska
Seaskaren aburuz beharrezkoa da bi herrietan ikastolak irekitzea. ©Seaska

Ikastola bat edo bi irekitzeko bidean? Philippe Elissalde Ahetzeko auzapezak berria baieztatu zuen agiantzen ekimenean: Herriko Etxea eta Seaska elkarlanean ari dira ikastola bat irekitzeko. Eskola publikoaren proiektua dela eta, Arbonako Herriko Etxeak ere ikastetxe bat sortu nahi zuen. Horretarako, egoitza ohiak elkartearen esku utzi nahi zituen. Auzoko herriaren egitasmoa kontutan harturik, Marie-José Mialocq Arbonako auzapezak erabaki du proiektuari segidarik ez ematea. Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren erranetan, bi ikastolak irekitzea beharrezkoa da.

Seaskak eta Ahetzeko Herriko Etxeak baieztatu dute ikastola bat irekitzeko lanean ari direla. Haatik, oraingoz ez dute datarik finkatu. "Ikastola bat hauskorra den zerbait da. Denborarekin lasaiki garatu dadin, lortu behar dugu ikastola segidan ongi integratzea lurraldean. Desmartxak erritmo onean eginen ditugu", aipatu du presidenteak.

Prekauzio hori Ahetzeko auzapezaren hitzen nabaritzen da ere. "Aitzinatzen ahal ditudan gauzekin, egiten dut lañoki, eta emaitzak lortzen ditut. Ikastola baten sortzea Ahetzen, ez da soilik nire esku", erantsi du Elissaldek. Proiektua ahalik eta azkarren plantan ezarri nahiko lukeela nabarmendu du auzapezak.

Ikastola bakarra edo bi?

Arbonako herria eskola publiko berri bat irekitzeko lanean ari da. Auzapezak bilkura bat antolatu zuen eta Seaskako ordezkariei parte hartzeko gonbidapena bidali zien. Azken horiek egin moldea azaldu zioten Herriko Etxeari. "Ikastolak azaldu zigun haur hezkuntzako gela batetik hasi eta egitasmoa garatzen doala, pixkanaka-pixkanaka", erran du Mialocquek.

Geroztik, Ahetzeko Herriko Etxeak bere asmoaren berri eman zuen, "eta guk proiektua aitzinatu dugu ikastolarik gabe", gehitu du Arbonako auzapezak. "Tokia utzi diogu Ahetzeri, jakinik, ez direla bi ikastola irekitzen ahal bi herrietan".

Gaur egun, gazte arbonarren gehiengoa Bidarte, Biarritz edo Senpereko ikastolatara doa. Ahetzekoak, ordea, Bidartera doaz. Paxkal Indoren aburuz, herri bakoitzean ikastola bat sortzea ezinbestekoa da. "Arbonak Biarritz betetzen digu eta Ahetzek Bidarte. Bi ikastolak beteak dira. Bi herrietako populakuntza garatzen ari da eta biek ikastola bat izanen dute, zentzuzkoa baita". Bi ikuspegi ezberdin dira eta denborak baizik ez ditu argituko.