Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Pantxoa Etchegoin
Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria

“Euskal Elkargoari dagokio erratea zer egin nahi duen euskal kulturarentzat”

Euskal Kultur Erakundeak bere biltzar nagusia antolatu zuen Baigorrin apirilaren 21ean. Urteko bilana plazaratzeaz gain, estatusak aldatzeko eta Euskal Elkargoa partaide bilakatzeko baliatu zuen ekimena. Pantxoa Etchegoin zuzendariak instituzio berriak beteko duen funtzioa azaldu du.

Euskal Kultur Erakundeko lehendakaria den Pantxoa Etchegoin. © Isabelle MIQUELESTORENA
Euskal Kultur Erakundeko lehendakaria den Pantxoa Etchegoin. © Isabelle MIQUELESTORENA

Zeintzuk dira iazko Euskal Kultur Erakundearen lorpenak?

Zaila da gure ekintzak biltzea. Alde batetik, guretzat garrantzitsua izan dena 'Etnopoloa' deituriko labela lortzea da. Helburua da label horri esker beste proiektu batzuk garatzea. Adibidez, unibertsitateko zientzia munduarekin eramandako ikerketa proiektuak.

Bestalde, numerikoaz gogoeta bat eraman dugu. Ahalegin berezi bat egin nahi dugu ditugun hainbat euskarri, hala nola bideoak eta argazkiak, indartzeko. Interneten bitartez datu base batzuk sortu nahi ditugu lan hori jendeari ezagutarazteko.

Halaber, gure usaiako ekintzak burutu ditugu. Elkarteak lagundu ditugu, 101, hain zuzen. Diru partaidetzaren bitartez zein proiektu batzuk eramaiteko laguntza eskainiz. 'Kimu' proiektua aipatuko nuke ere. Publiko gazteari buruz egiten diren proiektuak bultzatu nahi ditugu, eta horretarako lau artistek burtsa bat ukan dute. Badugu beste dispositibo bat 'Ibilki' deitzen dena, euskal antzerkia Iparraldean hedatzeko eta sare bat osatzeko. Lau konpainia lagundu ditugu.

Gisa berean, euskal zinemaren banaketa sustatzen entseatzen gara. Aurten 'Handia' filmak arrakasta izan du. Baionako Atalante zine gelarekin partaidetzan aitzina eramaten dugun lana da.

Akitania Berriarekin eta Etxepare Institutuarekin ere badugu programa bat. Gure xedea Akitania Berrian euskal kultura hedatzea da. Hots, euskal kultura garatzea Euskal Herrian, baita kanpo ere.

Lorpen horiek azpimarraturik, bilana baikorra dela erran daiteke?

Nire ustez bilana ona da, baina ez dugu burua hantu behar. Bada anitz gauza egiteko. Herrien arteko sindikatuak galdeginik, euskal kulturaren egoerari buruzko lan bat egin dugu. Horrek erakusten du kultura bizitasuna badela, baina ahuleziak ere badira. Bereziki transmisioari dagokionez.

Adibidez, eskola denboran hezkuntza artistikoak egiten dira, hala nola, bertsolaritzan. Haatik, beste arlo batzuetan eskasia sentitzen da, adibidez, literaturan edo antzerkian. Hezkuntza artistikoak diren eskoletan ere bada lan handia egiteko. Frankotan hezkuntza artistikoan lan egiten duten irakasleek beren formakuntzak frantsesez egiten dituzte. Hor ere bada gogoeta bat eramateko zinez eskoletara datozen artistek automatikoki euskaraz egin dezaten.

Hemengo testuinguru politikoa aipatu behar da. Euskal hirigune elkargoa sortu da eta beste partaideak ere badira: Departamendua, Eskualdea… Horiekin guztiekin bildu eta gogoeta bat eraman behar dugu euskal kulturarentzat behar den politika publikoa aztertzeko.

Baigorriko biltzar nagusia baliatu duzue estatusak aldatzeko eta Euskal Elkargoa partaide bilakatzeko. Zein da instituzio berriak beteko duen funtzioa?

Araudia aldatu dugu, orain arte herriak kide zirelako. Euskal Elkargoan sartu direnez geroz, erakunde berria naturalki gure kide bilakatu da. Euskal Elkargoak euskal kultura ahalmen gisa hartu du. Orain berari da definitzea zein alorretan lan egin nahi duen. Zein osagarritasun ukan dezakegun batak eta besteak. Ondoko hilabeteetan aztertzeko gaia izanen da.

Hala ere, kultura gaitasuna partekatua da, ez da bakarrik Euskal Elkargoarena. Estatuak eta Eskualdeak badute ere zer ikusirik politika horretan. Erakunde horiek elkar mintzatu beharko dute eta gu hor gara baliabide iturri gisa. Nire ustez, testuinguru berri honetan Euskal Elkargoari dagokio erratea politikoki zer egin nahi duen euskal kulturarentzat. Noski, gu hor gara sail batzuk lantzen laguntzeko.

Galdera alderantziz pausatuz gero, zein da Euskal Kultur Erakundeak Euskal Elkargoan bete nahi duen funtzioa?

EKE hor da ekintza batzuk obratzeko, euskal kultura garatzeko xedez. Elkarteak laguntzen ditugu, baina baditugu ere partaidetzan gauzatzen ditugun egitasmoak. Guk betidanik egin duguna eginen dugu Euskal Elkargoarekin. Urte andana hauetan, ditugun konpetentziak frogatu ditugu. Prest gara konpetentzia horiek Euskal Elkargoarekin partekatzeko. Ezin dugu denbora galdu gauza bera eginez. Nire ustez, bakoitzak definitu behar du zer egin nahi duen eta norekin egin nahi duen.

Partaide berri horren heltzearekin, zein toki eskainiko zaie herriei?

Herri guztiak Euskal Elkargoaren barne dira. Guretzat garrantzitsua da herriekin dugun hurbiltasuna. Guri da asmatzea, testuinguru berri hori kontutan harturik, nola atxikitzen ahal dugun lotura hori. Zergatik ez hurbileko bilkura batzuk antolatu egiten duguna azaltzeko. Guk hor garela nahi dugu erakutsi, haien laguntzeko, herriak eta herritarrak baitira euskal kulturaren eragile hoberenak.