Roxanaren bizilaguna kartzelaratu du epaileak

Larunbatean, apirilaren 28an, auto batez kolpaturik hil zen emaztearen bizilaguna auziperatu du instrukzio epaileak. Ostegunean aztertuko du atxilotzearen eta askatasunen epaileak kartzelan gelditzen den.

G.T.|2018/04/30 16:30
Gar_emazte_hil_elkarretaratzea_garazi_imiquelestorena01
Elgarretaratzea egin zuten herritarrek larunbatean, berria jakin bezain fite. © Isabelle MIQUELESTORENA

Donibane Garazin, larunbatean hil zen Roxanaren bizilaguna auziperatu eta kartzelaratu du Baionako instrukzio epaile batek. "Arma bitartez, intentziorik gabe, baina heriotza eragin duen nahita egindako bortizkeria" leporatzen dio epaileak, prokuradoreak eskatu zuen bezala.

Gizonaren kartzelaratzea heldu den ostegunean aztertuko du atxilotzearen eta askatasunen epaileak, baina mementoko behin-behineko kartzelaratzearen ondorioz, Baionako presondegian dago gizona.

Auto batekin kolpatu izanen, arma gisa kontsidaratua izanki, eta alkohol kantitate nabarmena eduki izana gertakarien mementoan, zirkunstantzia larriagoa dela kontsideratu du epaileak.

Gizona joan den larunbatetik jendermeen esku zegoen, atxiloturik. Ikerketak baieztatu du Roxanak kexa bat jarri zuela 2017ko maiatzan, bortizkeriagatik, gizon horren kontra. Orduan, prokuradorearen ordezkoak legea oroitarazi besterik ez zion egin.

Mugimendu feministek elkarretaratzea antolatu dute ostegunerako, maiatzaren 3rako, Donibane Garaziko herriko etxearen aitzinean, arratsaldeko 6.30ean.



ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK