Altsasukoak gogoan Nafarroaren Egunean

Euskal Herri osotik gerturatutako milaka lagun elkartu dira Baigorrin, Nafarroaren egunaren 40. urteurrenean. Nahigabeko protagonista bilakatu da Altsasu, eta ozen entzun da mugarik gabeko Nafarroa eraikitzeko deia.

Haritz LARRAÑAGA|2018/04/30 08:00|0 iruzkin
Guz_nafarroaren-eguna_2018_baigorri_imiquelestorena03
Ziganteek ideki dut elizako plazarako bidea. © Isabelle MIQUELESTORENA

Musika eta giro alaiez blai izan dira Baigorriko kaleak Nafarroaren egunaren 40. urtemugako ospakizunean. Goiz esnatu da eguna Baigorrin eta 8.30etarako gosariak ari ziren eskaintzen bertako ikastolako gurasoak, arrakasta handiz; 11.00etarako arroltzerik gabe gelditu dira, 300 gosari banatu ondoren.

Artean, musikariak norabide guztietan gurutzatzen hasiak ziren, eta plazan giroa beroa zen. Bertan kantatu dute Nafarroako leku desberdinetako bertsolariek. Nafarroaren egun honetan aritu dira ere Altsasuko Etorkizuna dantza taldeko kideak.

Izan ere, Altsasu zen aurtengo Nafarroa Garaiko herri gonbidatua. Bertako inauterietan izan ziren baigorriarrak, eta bertan izan dira gaur altsasuarrak. Ekitaldi nagusia amaitu aitzin hitza hartu du Amaia Kastorenek Basaizea elkartearen izenean, eta sostengua erakutsi die altsasuarrei: "Injustizia honen aitzinean, guztiok izan gaitezen euri tanta bat, uhin handi bat osatzeko".

Duela 40 urte Nafarroaren Eguna antolatzen hasteko zituzten arrazoiek bere horretan dirautela gaineratu du Kastorenek, eta "bakea eraikitzeko tenorea" den honetan "gurekin ez direnak" izan ditu gogoan, Gara egunkariaren arabera.

Ekitaldiaren ondotik dantzaldi jendetsua izan da, adin guztietako ehun dantzari baino gehiago hurbildu baitira plazara.

Elizondo gelan egin dute ekitaldi instituzionala, eta bertan izan da, adibidez, Maria Solana, Nafarroako Gobernuko bozeramailea. Kalean, baina, ez da ekitaldi solemneentzako leku askorik izan. Karpa batean kontzertuak, bestean jakiak, musika eta giro ona nonahi. Beste behin, bestak Baigorri hartu du.