Kazeta

Migrandeen aldeko karabanak Euskal Herria gurutzatuko du

Migranteei babesa erakusteko xedez, karabana batek Euskal Herria gurutzatuko du asteburuan. Hiru etapaz osatuko den ibilbidea Hendaiatik abiatuko da larunbatean.

Ongi etorri Errefuxiatuak kolektiboaren mobilizazioa Bilbon.
Ongi etorri Errefuxiatuak kolektiboaren mobilizazioa Bilbon.

‘Mugak zabalduz’ ekimenak Europar Batasunak migrazioaren aurrean azaldutako jarrera salatu nahi du, Naiz atariak azaldu duenez. "EBren politika ekonomikoek gerrak sortarazten dituztela salatzen dugu, baliabide natural eta ekonomikoen espoliazioa sortzen dute eta pertsonen lan esplotazio sozialak sortarazi", adierazi dute ohar baten bidez.

Euskal Herrian ematen diren praktika politiko eta ekonomikoak ere salatu nahi dituzte eta erakundeen jokaera "azaleratu". "Eurei esker CIE berriak sortzen dituzte, tiro-poligonoak eta armagintza fabrikak mantendu, portuak armen trafikora zabaldu eta pertsonen fluxuari itxiera bideratzen dute".

Ekimen honen bitartez, Hendaiako migranteentzako zentroa, frantziar eta espainiar estatuetan eman diren pertsonen kanporatzeak, Bardeetako tiro-poligonoa, Bilboko portutik irteten diren armak eta Atzerritasun Legearen "izaera arrazista" salatu nahi dituzte. Honen aurrean, pertsona guztiendako "erabateko eskubideen onarpena" aldarrikatu dute.

Horretarako ‘Mugak zabalduz’ ekimenak Euskal Herria gurutzatuko du. Hilaren 28an Hendaiatik abiatuko dira eta 11:00etan elkarretaratzea egingo dute bertako migranteentzako zentroaren aurrean. 12:00etan emango diote hasiera ofiziala karabanari Irunen. Bertatik Andoainerako bidea hartuko dute, non elkarretaratzea, kalejira, manifestazioa eta bazkaria antolatu dituzten. Etapak Iruñean izanen du amaiera. Nafar hiriburuan Elhadji Ndiaye, Poliziak atxilotzerakoan hildako senegaldarraren omenez, elkarretaratzea egingo dute.

Biharamunean, Tuteraruntz aterako dira. Bertan, 12:30ean, Bardeetako tiro-poligonoaren aurkako manifestazioa egingo dute eta bazkalostean Gasteiz izango dute helmuga. Hitzaldia baten ondotik, kontzertuak egonen dira Gaztetxean.

Azken etapak Bizkaia bisitatuko du. Eguerdian Bilbon "hileta-martxa" bat eginen dute, "migratzaile baten oroimenean" eta arratsaldean Zierbena eta Santurtzi artean «giza eta besarkada katea» prestatu dute, "bi portuetako errealitateak lotzeko, Zierbenako harresia eta Santurtziko armak".