Maite UBIRIA

Danbor hotsen bidez entzunaraziko du bere kexa Seaskak

Maiatzaren 13an iraganen den Herri Urrats ospakizunaren aurkezpena baliatu du Seaskak bere kexa berriz adierazteko. Hezkuntza Ministeritzak irakasle postu berriak sortzea errefusatu dio. Hori dela eta, maiatzaren 4rako Danborrada erraldoi bat antolatu du Baionan.

Maiatzaren 13an Senperen ospatuko den Herri Urratsen aurkezpena. (Bob EDME)
Maiatzaren 13an Senperen ospatuko den Herri Urratsen aurkezpena. (Bob EDME)

Heldu den kurtso hasieran 230 ikasle gehiago izanen ditu Seaskak lehen maila, kolegioa eta lizeoa aintzat hartuta. Alta, aurreko gobernuekin geratu bezala, Ipar Euskal Herriko ikastolen beharrak aintzat hartu ordez, "gobernu berriak ikastolen olatua gelditu nahi du". Paxkal Indo, Seaskaren lehendakariak, ordea, "euskal kostaldean badakigu itsasoaren indarra geldiezina" dela ohartarazi eta ikastolen kexua ozen entzunen dela maiatzaren 4an iragarri du.

Egun horretan, irakasle eta gurasoen laguntzaz, 3.700 ikaslek Baionako karrikak danbor hotsez beteko dituzte. "Danborra ozen joko dugu, Pauen, Bordelen eta Parisen entzun gaitzatzen", erantsi du. Herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diete.

Behin krakada goxoa hartuta Poterne gunean, hiriko kaleak zeharkatuko dituzte ikastoletako ikasleek Sarriegiren martxapean. Hori bai. Xumai Murua bertsolariak eta Seaskako irakasleak letra berezia ezarri dio martxari Euskal Herri guztian "euskaraz bizi, hazi, hezi eta ikasteko" grina lau haizetara zabaltzeko.

"Prefosta"

Iparraldeko ikastolen bestaren atarian azalduko du Seaskak bere ezinegona, Ministaritzak atzera egiteko esperantzaz. Era berean, aurtengo Herri Urratsen bilduko den diruak Zuberoa eta Nafarroa Behereko 190 ikasle bere baitan hartzen duen Manex Erdozainzi Etxart kolegioaren garapena bermatzeko balioko duela azaldu dute antolatzaileek.

2izio taldeak aipatu kolegioko ikasleen laguntzaz egin duen "Prefosta" kantuaren soinupean iraganen da besta maiatzaren 13an Senperen. 

Beste urteetan egin bezala, prebentzio kanpaina berezia plantan ezarriko du Seaskak Herri Urrats egunerako. Alkohola eta drogaren kontsumoa zein eraso sexistei buruzko problematikak landuko ditu ANPAA elkartea eta Aitzina gazte mugimenduarekin batera.

Eguneko egitaraua eta informazio praktikoak dagoeneko eskura ezarri ditu Seaskak https://www.herriurrats.eus/ webgunean.