Kazeta

“Jendeak” emanaldia apirilaren 27an Biarritzen

“Jendeak” ikusgarria eskainiko du Ildoka konpainiak apirilaren 27an Biarritzeko mediatekan. XX. mendeko Ipar Euskal Herriko laborariei buruzko kontakizunak taula gainera eramanen dituzte antzezleek.

Ildoka konpainiako antzezleak. ©EKE
Ildoka konpainiako antzezleak. ©EKE

Ildoka konpainiako sei antzezlek eta irakurlek "Jendeak" obra proposatuko dute apirilaren 27an Biarritzeko mediatekan. Emanaldia 18.00etan hasiko da, entzun-aretoan. Adin guziei zuzenduriko ekoizpena dela zehaztu dute antolatzaileek.

"Jendeak" emanaldia bederatzi kontakizunez osatua da. Ipar Euskal Herriko laborantza munduko istorioak kontatuko dituzte antzezleek. Gure inguruko jendeen bizipenak taula gainera eramanen dituzte.

Ildoka konpainiak azaldu duenez, emanaldian entzunen diren istorioak asmatuak eta egiazkoak dira. Zati hunkigarri zein irringarriak entzuten ahalko dira. "Iragan hurbileko giroa sentiarazten dute, oroitzapenak iratzarraraziz", erantsi du taldeak.