Urtea markatu duten eragileak omendu dituzte Alkaratsun sariek

Alkartasuna Fundazioak 2018ko bere sariekin omendu zituen atzo Jean-Rene Etchegaray Iparraldeko Euskal Elkargoko lehendakari eta Baionako alkatea, Laurence Hardouin abokatua, Anje Duhalde musikaria eta Marie-Ange Thebaud ekologista eta ekintzailea.

KAZETA|2018/04/23 11:20|0 iruzkin
Gar_alkartasuna_bobedme102
Andde Duhaldek jaso du Alkartasun saria kulturaren alorrean. © Bob EDME

Sari hauen bitartez, aurten seigarren edizioa bete dutenak, Euskal Herriko "nortasunaren, askatasunaren, garapenaren eta kohesioaren alde" lan egiten duten pertsonak goraipatu nahi dituzte. Hala, lehen hautatua Etchegaray izan da, Bake Artisauen jardunari eman dion laguntza eta ardura aintzat hartuz, pausoak eman dituelako "Euskal Herria bake eta normalizazio egoerara bideratzeko". Era berean, Euskal Elkargo berriaren alde egindako lana ere aitortu nahi izan diote.

Hardouini dagokionez, "migratzaile eta asilo bilatzaileen eskubideak aldarrikatzen eta beraiek defendatzen egin duen lan eskerga" azpimarratu nahi izan du fundazioak. Bestalde, "Zazpiak bat" domina emango diote euskal gatazka konpontzeko Bake Bidea elkartean egin dituen ekarpenak eskertzeko.

Kultura eta natura

Kulturaren arloan, Duhalde da edizio honetako ordezkaria, beraren ibilbide oparoa txalotu nahi izan baitute: "Euskal rock eta folkaren aitzindari, 40 urtez baino gehiagoz doinu ezberdinak sartu ditu gure kantutegian, mundutik euskarara eta euskaraz mundura".

Azkenik, Estuaire Adour Errobi Agorako zuzendaria den Thebaud saritu zuten osasunaren arloan eta kontsumitzaileen aldeko defentsan egindako lan handia eskertzeko asmoz.